Nafarroako Auzitegiak 16 urteko espetxe zigorra ezarri dio Antonio Mayol Canellas 65 urteko iruindarrari, aurrez pentsatutako hilketa delitu batengatik. Iazko uztailaren 2an, Mayolek labankadaz hil zuen pisukidea: Francisco Zelaia Zazu, 71 urtekoa. Iruñeko Donibane auzoko etxebizitza batean bizi ziren bi gizonak, maizter, beste bi pisukiderekin batera. Mayolek delitua aitortu du, eta ez da beharrezkoa izan epaimahai bidezko epaiketa egitea.
Iruñeko 5. Instrukzio Epaitegiak ikertu du hilketa, eta, azaldu duenez, akusatuak «behin baino gehiagotan» mehatxatu zuen Zelaia. Fiskaltzaren arabera, gainera, biktimak salaketa bat aurkeztua zuen pisukidearen kontra. Orduko hartan, Zelaiak salatu zuen Mayolek ukabilkadaka eraso ziola. Akusatuak aitortu du harreman txarra zuela biktimarekin, eta hura hiltzea erabaki zuela: ekainaren 30ean, whatsapp hau bidali zion beste pisukideetako bati: «Munstroari 24 ordu geratzen zaizkio; komisariara ez, urrunago joanen naiz haren bila».
Hurrengo egunean, 33 zentimetroko labana bat erosi zuen denda batean, eta ezagun bati esan zion «Pacheco hiltzera» zihoala —hori zen Francisco Zelaiaren izengoitia—. Uztailaren 2ko goizaldean hil zuen pisukidea, haren logelan. Zelaiak %43ko desgaitasun aitortua zuen, eta mugitzeko arazo handiak. Mayolek eraso egin zionean, ohe gainean eserita zegoen, eta ez zuen erreakzionatzeko aukerarik izan. Erasotzaileak labana sartu zion sabelaldean, eta 15 zentimetroko zauria eragin. Handik minutu gutxira hil zen.
Beste pisukideek biktimaren oihuak aditu zituzten, eta hura laguntzera joan ziren: indarrez kendu zioten labana Mayoli, eta larrialdi zerbitzuetara deitu zuten.