Lan istripua

17 langile zauritu dira Amurrion, Tubacexen fabrikan

Eztanda handia izan da bart goizaldean, 02:35 aldera, Tubacexen Amurrioko (Araba) lantegian: burdin urtuaren koilarea irauli egin da, eta leherketa eta sua eragin ditu. Eztandak 17 langile zauritu ditu, baina hamahiruk dagoeneko jaso dute senda-agiria. Beste lauak behaketa pean dauzkate ke arnastu dutelako, Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako erietxean.

2006ko abuztuaren 30a
18:24
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen ikerketen arabera, gaizki jarritako kako batek eta zorua urez bustita egoteak ueragin dute ezbeharra: kakoa gaizki zegoenez, burdin urtuz betetako koilarea erori egin da, eta burdin urtuak ura ukitzean eztanda gertatu da.

17 zaurituetatik hamar Bizkaiko erietxeetara eraman dituzte istripua gertatu eta segituan: lau Gurutzetan ingresatu dituzte, hiru Galdakaoko Ospitalean eta beste hiru Basurtukoan (Bilbo). Beste zazpiak lantegian bertan artatu dituzte lehendabizi, eta gero osasun zentroetara eraman dituzte.

Langile bat bera ere ez dagoela larri ziurtatu du Jaurlaritzak. Hamahiruk dagoeneko jaso dute senda-agiria, eta beste lau behaketa pean dauzkate Gurutzetan. Kea arnastu dutelako dauzkate zaintzapean lau behargin horiek, baina okerrik ezean, bihar jasoko dute senda-agiria.

Eztanda handia izan da, eta eraikinaren egituran kalte handi samarrak eragin ditu. Sutea, berriz, ordubetean itzali dute. .Suhiltzaileak, osasun zerbitzuetako langileak eta Jaurlaritzako larrialdietarako teknikariak aritu dira erreskate lanetan.

Altzairu herdoilgaitzezko hodiak egiten dituzte Tubacexen, eta nazioarte osoan arlo horretan enpresa handienetakoa da. Amurrioko lantegian ditu Tubacexek egoitza nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.