Hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri diote Iruñeko espetxean ziegako kidea hil zuen preso bati

Epaileak zortzi urteko zaintzapeko askatasuna ere ezarri dio akusatuari. Ebatzi du Espainiako Espetxe Erakundeak erantzule zibil subsidiario direla, presoa zaintzeko babes neurririk ez hartzeagatik.

Iruñeko espetxea. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñeko espetxea. IDOIA ZABALETA / FOKU
edurne begiristain
2025eko urriaren 10a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Probintzia Auzitegiak hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri dio 2021eko azaroaren 7ko gauean Iruñeko espetxean  ziegako kidea ito zuen emakume preso bati. Epaileak ebatzi du emakumeak hilketa delitu bat egin zuela, «nahasmendu psikikoaren» aringarriarekin egindako, eta, kartzela zigorraz gain, zortzi urteko zaintzapeko askatasuna ere ezarri dio. Halaber, adierazi du Espainiako Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusia erantzule zibil subsidiarioa dela, zigortutakoaren ziegako kidea babesteko neurririk ez hartzeagatik. Hori dela eta, 148.096 euro ordaindu beharko dizkio hildakoaren alaba adingabeari, 65.820 euro amari eta 20.000 euro bikotekideari.

Biktima suizidioak prebenitzeko programa barruan zegoen, eta beste emakume preso batekin zegoen ziegan 2021eko apiriletik. Epaian jasotzen denez, azaroaren 7ko gauean akusatuak ziegako kidea ito zuen, «ustekabean eta atzetik eraso eginda». Hilketa baino ordu batzuk lehenago, biktimak espetxeko funtzionarioei jakinarazi zien ez zuela suizidioak prebenitzeko programan jarraitu nahi, bere osasun mentalari kalte egiten ziolako. Arratsalde hartan, gainera, karguari uko egiteko eskaera ofiziala aurkeztu zuen, baina, hala ere, espetxeak ez zuen hura babesteko inolako neurririk hartu.

Era berean, epaileak zera dio Espetxe Erakundeen erantzukizun subsidiarioaz: hilketa estatuaren menpeko espetxe batean gertatu zela, eta «babes neurriak ez hartzeak edo zaintza faltak» bide eman ziotela hilketari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.