Egunkaria auzia

184 urteko kartzela eskatu dute 'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoko zortzi inputatuentzat

Sumario nagusiko auzipetuentzat baino espetxe zigor gogorragoak eskatu dituzte.

2007ko urriaren 29a
18:08
Entzun
Oihana Elduaien

184 urteko espetxe zigorra eta 234.530.008 euroko isuna eskatu du Dignidad y Justicia herri akusazioak Egunkaria-ko auzi ekonomikoan inputatutako Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Jose Mari Sors, Fernando Furundarena, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Ainhoa Albisurentzat. Hain zuzen, bakoitzarentzat 26 urtetik 13 urtera bitarteko zigorrak. Horretaz gain, 5.481.835 euroko zorraren arduradun zibil egiten ditu, eta kopuru hori ordainarazteko eskatu.

Egunkaria-rekin lotuta bi sumario daude Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ixteari buruzkoa da bat, eta han Martxelo Otamendi, Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Pello Zubiria eta Xabier Oleaga daude auzipetuta. Bestea irregulartasun ekonomikoei buruzkoa da.

ETAko kide izatea leporatzen diete sumario nagusikoei, eta haientzat baino espetxe zigor handiagoak eskatu dituzte delitu ekonomikoak egozten dizkietenentzat: 12 eta 14 urteko zigorrak aurrenekoentzat, eta 13tik 26ra bitartekoak besteentzat.

Auzi ekonomikoko zortzi lagunei hainbat urtetan zerga erregistroko kontabilitatea faltsutzea, diru laguntza publikoak jasotzeko bete beharreko baldintzak faltsutzea eta balio erantsiaren gaineko zerga iruzurra egitea leporatzen die Dignidad y Justiciak. Zerga erregistroko kontabilitatea faltsutzea leporatzen dieten bakoitzeko zazpi hilabeteko zigorra eskatzen dute. Diru laguntza publikoak lortzeko baldintzak faltsutzea egozten dien bakoitzeko lau urtekoa, eta beste lau urtekoa zerga erregistroko kontabilitatea faltsutzea leporatzen dien bakoitzeko.

Instrukzioa amaitutakoan, eraldatze autoa kaleratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Salako Juan del Olmo epaileak, eta prozedura laburtua erabiltzea erabaki. Auziak «terrorismoarekin» loturarik ez duela argudiatuta, Euskal Herriko auzitegi arruntetara pasatzeko eskatu zuten defentsak eta Fiskaltzak, baina epaileak ez zuen onartu. Erabaki horren kontra dei helegitea jarri zuen defentsak, eta Salak horri buruzko erabakia hartu ez duen arren, prozedurak aurrera jarraitzen du.

Zigor eskaerak

'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoan inputatutako zortzi lagunen kontra Dignidad y Justicia elkarteak egindako zigor eskaera.

Joan Mari Torrealdai. 26 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, eta 32.891.200,3 euroko isuna.

Iñaki Uria. 26 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, eta 32.891.150,3 euroko isuna.

Txema Auzmendi. 26 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, eta 32.891.150,3 euroko isuna.

Jose Mari Sors. 26 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, eta 32.891.150,3 euroko isuna.

Ainhoa Albisu. 26 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, eta 32.891.150,3 euroko isuna.

Mikel Sorozabal. 21 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, eta 27.265.727,02 euroko isuna.

Begoña Zubelzu. 17 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra, eta 21.640.933,74 euroko isuna.

Fernando Furundarena. 13 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra, eta 21.167.546,24 euroko isuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.