18/98auziko defentsen helegiteak aztertu eta gero, Auzitegi Gorenak Joxemi Zumalabe Fundazioko bederatzi kideak absolbitzea erabaki du, nahiz eta oraindik ez duen epaitza publiko egin. Beraz, Natale Landa, Iñaki O'Shea Artiñano, Fernando Olalde, Mario Zubiaga, Alberto Frias, Sabino Ormazabal, Mikel Aznar, Olatz Altuna eta Migel Angel Zuloaga zigorgabetuak geratu dira. Natale Landa Ekin-en auzipetua dago.
Auzitegi Nazionalak bere aldetik gainontzeko piezetan bermepean aske daudenetatik zortzi atxilotzeko agindu du, Natale Landa izan ezik -Ekin-en auzipetua-. Izan ere, Auzitegi Gorenak atzo iragarri zizkion absoluzioak Auzitegi Nazionalari, baina ez zion ezer esan auzian zigortutako gainerako auzipetuei buruz. Beraz, Auzitegi Nazionalak uste izan du Gorenak kartzela zigorrei eutsi egingo diela, eta beraz, bermepean aske zeuden zortzi kideak atxilotzeko agindu zuen atzo. Guardia Zibilak bart gauean eta gaur goizean egon ditu aipaturiko atxiloketak, Gipuzkoan, Nafarroan eta Bizkaian. Horien aurka baldintzarik gabeko behin-behineko kartzela zigorra agindu du.
Elena Beloki -Xakiko kide ohia- eta Iñaki Zapiain -Egin-eko administrazioko burua izandakoa eta Gara-ko langilea- Hernanin (Gipuzkoa) atxilotu dituzte; Juan Mari Mendizabal -KAS-eko liberatua-Elgoibarren (Gipuzkoa); Inma Berriozabal -Egin-eko kidea izandakoa- Zegaman (Gipuzkoa); Jabier Salutregi -Egin-eko zuzendari ohia- Donostian; eta Xabier Otero -Erigane sozietatearen sortzaileetako bat- Agoitzen (Nafarroa). Guztiak bart gauean atzeman zituzten. Gaur goizean, berriz, Jose Luis Elkoro -Egin-en editorea zen Oraineko presidente ohia- atxilotu dute Bergaran (Gipuzkoa) eta Juan Pablo Diegez -Gadusmarreko administratzailea- Bermeon (Bizkaia).
Atxiloketak salatzeko kontzentrazioak egingo dituzte Hernanin eta Bergaran (Gipuzkoa), 20:00etan.
Iturri juridikoek ziurtatu dutenez, Auzitegi Gorenak hurrengo astean emango du ziurrenik helegiteei buruzko epaia.
525 urteko espetxe zigorra ezarri zien 18/98 auziko 47 lagunei Espainiako Auzitegi Gorenak 2007an. Zigor horiek jakin bezain laster, helegiteak aurkeztu zituzten defentsak.
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak eraman zuen auzia Auzitegi Nazionalean izandako luzeena da. Ekin, KAS, Xaki eta Egin-en aurkako epaiketa izan zen.
18/98 auzia
18/98 auzian bermepean aske daudenetatik zortzi espetxeratzeko agindu du Auzitegi Nazionalak
Joxemi Zumalabe Fundazioko bederatzi kideei Auzitegi Gorenak jakinarazi die absolbitu egingo dituztela. Auzitegi Nazionalak bere aldetik gainontzeko piezetan bermepean aske zeuden zortzi auzipetuak atxilotzeko agindu du, Natale Landa izan ezik -Ekin-en auzipetua-. Atxiloketak salatzeko kontzentrazioak egingo dituzte Hernanin eta Bergaran (Gipuzkoa), 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu