1936an fusilatutako Ramon Bengarairen gorpua identifikatu dute; Nafarroako Fronte Popularreko burua zen

Dionisio Gutierrez ere identifikatu dute. Bengarai Ezker Errepublikanoko zuzendaritzako kidea zen. Gutierrez, berriz, ezkertiarren jarraitzailea.

Ana Ollo Nafarroako Memoria eta Bizikidetza kontseilaria Muniain de Guesalazeko hobi komuneko behaketetan. LUIS CARMONA JUANMARTINENA
Ana Ollo Nafarroako Memoria eta Bizikidetza kontseilaria Muniaineko hobi komuneko behaketetan. LUIS CARMONA JUANMARTINENA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko abenduaren 12a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ramon Bengarai Zabalza eta Dionisio Gutierrez Ijalbaren gorpuak identifikatu ditu Nafarroako Gobernuko Memoria eta DNA Bankuak. Muniain Gesalatzen (Nafarroa) topatu zuten hobi komun batetik atera zituzten gorpuak. 1936an kolpistek fusilatu zituzten biak.

Bengarai Ezker Errepublikanoko zuzendaritzako kidea zen, eta Nafarroako Fronte Popularreko presidentea. Osasuna futbol taldeko zuzendaritzako kide ere izan zen. Gutierrez, berriz, Aurizberrikoa zen (Nafarroa). Haien senideek emandako DNA laginei esker lortu dute gorpuak identifikatzea.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara sailburuaren arabera, garrantzitsuak dira identifikazio horiek. «Bengarai eta Gutierrez bi eredu garbi dira, erakusten dutenak zer jende motaren aurka egin zuten kolpistek: batetik, elite errepublikazalearen aurka, eta bestetik, ezkerreko jarraitzaileen aurka».

Halakoek familiengan izan zituzten ondorioak ere azpimarratu ditu Ollok. Alargun askok erbesteratu beharra izan zuten, beraz, «genero ikuspegia eta erbestea ere gure departamentuko bi lan lerro dira». Halaber, halako aurkikuntzek «inoiz gertatu behar ez zuenaren» historia osatzen laguntzen dutela nabarmendu du, «are gehiago, ez zuen isildua izan behar. Gaur egungo garai konplexuetan eta eskuin muturra gora ari den honetan, identifikazio horiek etorkizunerako ikasgai ezin hobea dira».

Laginak ematearen garrantzia

Azpimarratu du oso garrantzitsua dela DNAren laginak ematea 1936ko estatu kolpean eta ondorengo urteetan desagertutako senideren baten berri izanez gero. Bengarairen gorpua, hain justu, Argentinan bizi den haren biloba batek emandako laginari esker identifikatu ahal izan dute. Esther Aldabek gidatutako ikerketa taldeak jo zuen harengana, hark Bengarairen biografia argitaratu ostean. Gutierrez, berriz, haren semeak emandako laginei esker identifikatu dute.

Memoria eta DNA bankukoen arabera, 1936ko uztailean frankistek «garbiketa politikoa» abiatu zuten, eta, haien ustez, orduan fusilatu zituzten Bengarai eta Gutierrez. Hiltzaileak nortzuk izan ziren jakiterik ez badago ere, jakina da karlismoari eta falangeari lotutako talde paramilitarrek eta poliziek egiten zituzten halakoak.

Bengarairen bilobak sorpresaz hartu du informazioa, eta Gutierrezenak, berriz, zera esan du: «89 urtez bila aritu eta isiltasunak jan ostean, gaur, hiru belaunaldiren ostean, zerbait askatzailea sentitzen hasi gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.