2.000 gaztek baino gehiagok izan dute istripuren bat joan den urtean

'Don't be Dummy, zuk ez duzu ordezkorik' ekitaldi ibiltaria aurkeztu du Jaurlaritzak. Gazteak kontzientziatzea da helburua

Trafiko istripuak prebenitzeko ekitaldia antolatu zuten atzo Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Zuk ez duzu ordezkorik». Hori izan zen Dummyk, 3Dn sortutako abatar batek, 1.073 gazteri helarazi nahi izan zien mezu nagusia. Hark gidatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak trafiko istripuak prebenitzeko sortutako Don't be Dummy, Zuk ez duzu ordezkorik ekitaldi ibiltaria. Atzo, Gasteizko Europa jauregian aurkeztu zuten. Errepideari lotutako profesionalen zuzeneko lekukotzak, trafiko istripuetako biktimak eta haien senitartekoen testigantzak ere izan zituzten ekitaldian. Horrez gain, ikus-entzunezko lanak uztartu zituzten. Ibilgailu motordun baten gidari izateko zorian dauden edo lagunekin batera ibilgailu batean bidaiari izandako gazteen kontzientzietan eragitea da ekitaldi horien helburua. Hain zuzen, errepideak dituen arriskuez eta prebentzioak daukan garrantziaz jabetzea. Auto istripuak edo horien simulazio bideoak jarri zituzten ekitaldian. Izan ere, 2.000 gaztek baino gehiagok izan zuten iaz auto istripuren bat, Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako emandako datuen arabera.

Bideoetako baten amaieran, datu hau erakutsi zuten: 2020an, 25 urte baino gutxiagoko 2.128 gaztek trafiko istripuren bat izan zuten. Trafiko istripu askotan arta ematea egokitu zaio Laura Fontaneda ertzainari. Azaldu zuenez, aurreko urtean bost pertsona hil ziren Arabako errepideetan; aurten, berriz, bederatzi pertsona hil dira dagoeneko. Konfinamendu osteko ezinegonarekin lotu zuen: «Guztiok gaude urduri, ateratzeko gogoz, disfrutatzeko gogoz... eta horrek ere eragina dauka errepideetan. Gora egin du alkohol eta drogen kontsumoak».

Suhiltzaileek ere parte hartu zuten ekitaldian. Trafiko istripu bat sufritu dutenak kotxetik ateratzeaz arduratzen dira, adibidez. Tomas de la Calle eta Aitor Lopez de Agiletak errepidean ikusi eta bizi izan dutenaz hitz egin zieten gazteei; esku hartu duten istripu batzuk kontatu zituzten. Lopez de Agiletak argi esan zien «zentzudunak» izateko. De la Callek ohartarazi zien seinale ona dela errepidean haiekin ez elkartzea: «Gazteak zarete; bizitza guztia daukazue aurrean. Guk zuei ez laguntzea seinale ona da. Horrek esan nahi du autoan kontuz zoaztela».

Gazteek hainbat gogoeta partekatu dituzte. Datozen asteotan, Bilbon, Durangon eta Donostian aurkeztuko dute ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.