politika

2011n "hauteskunde aliantzak" egon daitezkeela dio Ainhoa Etxaidek

LABeko idazkari nagusiak adierazi du ezker abertzaleak hurrengo urteko udal eta foru bozetan parte hartzeko ahal duen guztia egingo duela. "Apustu berrientzako aukera zabalduko da".

2010eko maiatzaren 19a
16:28
Entzun
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi du "ezker abertzaleak 2011ko hauteskundeetan parte hartzeko ahal duen guztia" egingo duela, "legez kanporatzeetatik aurrera beti egin izan duen bezala", baina datorren urteko udal eta foru bozetarako "aliantzak" egon daitezkeela dio.

"Indar metaketaren" ondorioz "pauso berriak" eman beharko direla esan dio Etxaidek Efe Espainiako berri agentziari, horrek aliantzak ekarriko lituzkeela, "eta hor barruan, hauteskunde aliantzak". "Eskenatoki berria irekitzen ari gara eta horrek esan nahi du apustu berrientzako aukera ere zabalduko dela".

Haren arabera, "ezker abertzaleak prozesu demokratiko bidez gatazka politikoa bideratzeko egindako apustuak ez du atzerabueltarik". Apustu hori egin duten politikariak askatzeko eskatu dio LABeko idazkari nagusiak Espainiako Estatuari.

Rafa Diez Usabiaga apirilaren 26an utzi zuten aske, baina hark oraindik ere "eskubide zibil eta politiko ugari urratuta" duela salatu du Etxaidek. Baldintzapeko askatasuna eman zion Baltasar Garzon epaileak Diezi. Kalera atera ahal izateko 30.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen eta, orduz geroztik, bi astetik behin epaitegira sinatzera joan behar du, baita bere ama zaintzeari buruzko berriak eman ere txosten baten bidez. Horrez gain, debekatuta dauka Espainiako Estatutik ateratzea, eta politika jardueretan ezin da aritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.