2016ko asmoak oinarri legegintza programan

Datozen lau urteetarako lege egutegia aurkeztu du Jaurlaritzak: 36 lege proiektu bideratu nahi ditu. Aurreko legealdian agindutako 28 legegaietatik hemeretzi jaso ditu 2020-2024ko aldirako xedeen artean

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Eusko Legebiltzarrean, iazko maiatzean. DAVID AGUILAR / EFE.
jon olano
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak atzoko bileran onartu zuen agintaldirako legegintza programa, datozen lau urteetan aurkeztuko dituen lege proiektuak eta horiek aurkezteko epeak jasotzen dituena. 36 egitasmo jaso dituzte bertan, eta, besteak beste, dokumentu horretan jasota daude 2005eko Berdintasun Legea gaurkotzeko eta Euskal Hezkuntza Legea nahiz Memoria Historikoko Legea onartzeko asmoa.

Arau ekoizpen horren erdiak aurreko legealdian onartu ezinik geratu ziren proposamenak dira. Jaurlaritzak 28 lege proiektu jaso zituen joan den legealdiko legegintza programan, eta azken lau urteetan aurrera atera ez zituen hemeretzi legegai sartu ditu datozen lau urteetarako plangintzan; besteak beste, hezkuntzari, mugikortasun iraunkorrari, herritarren parte hartzeari eta haurren eta nerabeen eskubideei buruzkoak.

Aldiz, berritasunen artean daude osasun publikoari, gazteriari, garapeneko lankidetzari, transexualak genero identitateagatik ez baztertzeari eta natura ondarea kontserbatzeari buruzko proiektuak, besteak beste. Aurreko legealdian ez bezala, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua dute Eusko Legebiltzarrean, eta, beraz, espero da erraztasun handiagoarekin ateratzea aurrera lege egitasmook.

Gizon-emakumeen Berdintasun Legeari dagokionez, berehala aurkeztu beharko luke Jaurlaritzak lege proiektua. Izan ere, 2020ko bigarren seihilekoan Gobernu Kontseilura eramateko asmoa agertu du. Programan jasotakoaren arabera, lege erreformaren helburu nagusia da «berdintasun politikak eta indarkeria matxistaren biktimentzako laguntzak indartzea». Horrez gain, «indarkeria matxista mota guztien biktimei arreta emateko sistema handitu» nahi du gobernuak.

Bestalde, Jaurlaritzak 2021eko lehen seihilekoan Gobernu Kontseilura eraman nahi du Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea, 1936ko gerran eta ondorengo diktaduran «arrazoi politiko, ideologiko edo erlijio sinesmenekoengatik jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen erreparazio morala eta memoria pertsonalaren eta familiarraren berreskurapena sustatzeko».

Akordio aukerak

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak dokumentu bat igorri die alderdi politikoei,horiekin batzartu eta gero, Jaurlaritzaren programaren eta indar bakoitzak aurkeztutako proposamenen «balizko akordio esparruak» identifikatzeko. Bingen Zupiria gobernuko bozeramailearen esanetan, bilera sorta horretan «elkarrizketa zintzoa» egin zuten Urkulluk eta alderdietako ordezkariek, eta Jaurlaritzaren eta legebiltzarreko taldeen arteko harremanak «zabalik»jarraitzen du.

Gobernu Kontseiluak, ordea, atzoko bileran baztertu zuen EH Bilduk alokairuen prezioa mugatzeko lege proposamena aintzat hartzeko aukera. Jaurlaritzak uste du egitasmoa «desegokia eta presazkoa» dela, Espainiako erakundeetan arlo berari buruzko beste arau bat izapidetzen ari direlako. Gaineratu du salneurriak kontrolatzeko mekanismoak ez direla nahikoa «monopolio edo oligopolio eskaintza bati aurre egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.