2027an irekiko dute Bilboko Klinika Odontologiko Soziala, herritar «kalteberei» arreta emateko

Aho-hortzetako arreta eskuratzeko zailtasunak dituztenei zerbitzua emango die, eta odontologia ikasleentzako praktika eremua ere izango da. Bilboko Udalaren eta EHUren lankidetzari esker jarriko dute martxan.

Juan Mari Aburtok eta Joxerramon Bengoetxeak aurkeztu dute proiektua, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Juan Mari Aburtok eta Joxerramon Bengoetxeak aurkeztu dute proiektua, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
edurne begiristain
2025eko uztailaren 23a
15:43
Entzun 00:00:0000:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak 2027-2028 ikasturtean irekiko du Bilboko Klinika Odontologiko Soziala, Uribarri auzoko Zumalakarregi etorbideko Panera eraikinean. Gaur egun, Leioan (Bizkaia) dago klinika hori, eta urtean 2.000 lagun ingururi ematen die arta eta 10.000 tratamendu baino gehiago egiten ditu, baina herritar gehiagorengana iritsi nahi dute kokaleku berrian. Helburua gaur egun duten berbera izango da: herritar «kalteberei» arreta ematea, hau da, aho-hortzetako arreta eskuratzeko zailtasunak dituztenei zerbitzua ematea. 4,6 milioi euroko inbertsioa izango du proiektuak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa. «Gizarte desberdintasunak murriztea» izango da klinikaren helburu behinena, Aburtok azaldu duenez. Hala, arrazoi ekonomiko, arta odontologikoa emango die sozial eta osasunekoengatik klinika pribatuetarako edo osasun sistema publikorako sarbide mugatua duten pertsonei eta taldeei. Besteak beste, diru sarrera apalak dituztenak, migranteak, gutxiengo etnikoak, adinekoak, elbarritasunak dituztenak, gaixo kronikoak eta genero indarkeriaren biktimak artatuko dituzte.

«Kalitatezko prestakuntza emango du, esperientzia praktikoaren, ikerketaren eta garapenaren bidez, eta etika eta erantzukizun soziala izango ditu helburu»

JOXERRAMON BENGOETXEAEHUko errektorea

Izan ere, sarritan pertsona horiek tratamendu «konplexuagoak eta beren beharrizan espezifikoetara egokituak» behar izaten dituzte, Aburtoren esanetan. Adibidez, gaixotasun neurodegeneratiboak, osasun mentaleko nahasmenduak edo sedazioa behar duten pazienteak daude egoera horretan, eta baita iraupen luzeko ospiraleratzeak behar dituzten pazienteak ere. Halakoetarako, unibertsitate klinikak hobeto hornituta daude arreta hori emateko, «beren ekipo espezializatuari eta langile adituen ikuskaritzari esker».

Prestakuntzan sakontzea

Odontologiako ikasleentzako praktika eremua ere izango da zentroa, eta arreta zuzena, prestakuntza eta ikerketa uztartuko ditu. Gaur egun, 200 ikasle eta 60 irakasle aritzen dira EHUn odontologia graduan. EHUko errektoreak azpimarratu duenez, zentro berriak «kalitatezko prestakuntza» emango die denei, esperientzia praktikoaren, ikerketaren eta garapenaren bidez, eta «etika eta erantzukizun soziala» izango ditu helburu.

Prebentzio kanpainak eta gizarteari zuzendutako hezkuntza programak ere garatuko ditu, bereziki ikastetxeetan eta kolektibo zaurgarrien artean. Izan ere, tratamenduez gainera, klinika berriak zeregin garrantzitsua izan nahi du aho-hortzen osasunaren sustapenean eta gaixotasunen prebentzioan. Bengoetxeak adierazi duenez, asmoa da hezkuntza programen eta behaketen bidez komunitate osora iristea, eta «ohitura osasungarriak» txikitatik sustatzea, «epe luzeko arazoen eragina murrizteko eta bizi kalitate orokorra hobetzeko».

Bilbo, «unibertsitate hiria»

Leioatik Bilbo erdialdera lekualdatzearen garrantzia nabarmendu du Aburtok. Bilboko alkateak uste du ezinbestekoa izango dela «hiria garatzeko», eta Uribarri auzoaren dinamizazioan lagunduko duela, enplegua sortuz, komunitatearekin harreman berriak ehunduz eta Bilboko unibertsitate izaera indartuz. Hain justu ere, udalak urteak daramatza lanean Bilbo «unibertsitate hiri» bilakatu dadin, eta klinika hiri erdialdera eramatea pauso bat da bide horretan, Aburtoren hitzetan.

«Erakargarriak izan nahi dugu, bai nazioartean, gure hirira gazte eta profesional onak etor daitezen, bai inguruan; inork ez dezala Bilbotik irten beharrik izan aukera faltagatik»

JUAN MARI ABURTOBilboko alkatea

Bengoetxeak azpimarratu du Euskal Herriko Unibertsitatea «eragile estrategikoa» izango dela Bilbo erreferente akademiko eta kultural gisa finkatzeko xede horretan. «Erakargarriak izan nahi dugu, bai nazioartean, gure hirira gazte eta profesional onak etor daitezen, bai inguruan; inork ez dezala Bilbotik irten beharrik izan aukera faltagatik», erantsi du Aburtok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.