21 urteko emakume bat hil da Donostian, moto istripu baten ondorioz. Goizaldeko ordu bata aldera izan da ezbeharra. Emakumearekin batera ibilgailuaren gidaria zihoan, 22 urteko gizon bat, eta hura zaurituta eraman dute Donostia ospitalera.
Ibilgailuak GI-41 errepideko tunelera sartzeko bihurgunearen bazter babesa jo du, Donostiatik irteteko noranzkoan. Talkaren ondorioz, bi lagunak hirira sartzeko errepidera erori dira, bestea baino beherago dagoenera. Udaltzaingoa istripuaren arrazoiak ikertzen ari da.
Istripuaren ondorioz, bidea itxita egon da zenbait orduz, ezbeharraren nondik norakoak ikertzeko eta gorpua eramateko. Lan horiek egin ondoren, zirkulazioa berrezarri dute.