Legez eskaini ditzaketen lanpostuen %100 eskainiko dituzte. Hala esan du Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko kontseilariak. 2.137 lanpostuko eskaitza egin nahi dute: 1.141 postu eskaini nahi dituzte Hezkuntzan; 635 Osasunbidean; eta 361 lanpostu, gainontzeko alorretan. Foruzain eta suhiltzaile posturik ez dute aterako, behin-behineko posturik ez dutelako sail horietan.
Izan ere, ez da ohiko lan eskaintza bat izango. Behin-behinean lanean daudenak egonkortzea du xede. Hala esan du Maria Solana bozeramaileak: "Kasu guztietan, aurretik zeuden behin-behineko lanpostuak dira. Orain eginen duguna da horiek egonkortzea".
Hezkuntzan, 430 plaza eskainiko dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzan: horietatik, 254 gaztelaniaz eta 176 euskaraz. 629 lanpostu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako: 248 euskaraz eta 441 gaztelaniaz. Eta, 22 lanpostu Arte eszeniko eta musikarako.
Orain, sindikatuekin negoziatu behar dute proposamena. "Sindikatu batzuek esan digute aste santuaren ostean helaraziko dizkigutela euren proposamenak", azaldu du Beaumoten. Apirilean bilduko da Mahai Orokorra, eta gero onartuko dute dekretua, deialdiak zehaztuz.
Beaumontek azpimarratu du itun programatikoan zegoen puntu bat betetzera doazela horrela, han adostu baitzuten enpleguaren egonkortzea eta behin-behinekotasuna murriztea.