Arabako Auzitegiak 22 urte baino gehiagoko kartzela ezarri dio 41 urteko gizon bati, bi alabak bortxatzeagatik eta emazteari tratu txarrak emateagatik eta mehatxuak egiteagatik. Gizonak bi alabak bortxatu zituen 5 eta 6 urte zituztenetik 10 eta 11 bete zituzten arte.
Epaiaren arabera, aitak alabak bortxatzen zituen ama etxetik kanpo zegoen bitartean. 2017tik aurrera, alabek aurre egin zioten aitari, eta ez zioten bortxatzen utzi. Aitak, orduan, ukituak egiten jarraitu zuen. Mehatxu egiten zien: ukitzen uzten ez bazioten, ezingo ziren lagunekin atera. Senar-emazteak iaz dibortziatu ziren.
16 urtetik beherakoei egindako sexu abusu jarraituen bi delitugatik zigortu du auzitegiak aita. Ahaidetasunaz baliatzea egotzi dio. 11 urteko zigorra ezarri dio delitu bakoitzagatik. Horrez gain, sei hilabeteko zigorra ezarri dio emazteari bidegabeko isekak eta mehatxu arinak egiteagatik. Ezingo da alabengana hurbildu edo haiekin harremanetan jarri hamabi urtean, eta ezingo da emaztearengana gerturatu urtebete eta zortzi hilabetean. Gainera, ezingo du adingabeekin harremanik izan 25 urtean. 101.000 euroko kalte ordaina eman beharko die.
Epaiak dio oraindik goiz dela zehazteko sexu erasoek alabei zer ondorio psikologiko eta psikiatriko utziko dizkieten, oraindik haien nortasuna garatzen ari baitira, «baina ukaezina da marka traumatikoa izango duela haien garapen pertsonalean eta emozionalean».
Epaiaren kontrako helegitea jar dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.