Kataluniako erreferenduma

2.262.424 boto zenbatu ahal izan dituzte, eta %90 baiezkoaren aldekoak dira

Jordi Turull gobernuko eledunak eman zituen datuak. Horietatik 2.020.144 baiezkoaren aldekoak dira (%90), eta 176.565, ezezkoaren aldekoak (%7,8), 45.586 boto zuriak dira (%2), eta beste 20.129 (%0,8), baliogabeak. Hainbat herritarrek emandako botoak ezin izan dituzte zenbatu. Bozkalekuz bozkaleku Espainiako Polizia eta Guardia Zibila herritarrei oldartu zitzaien, eta hautetsontzi batzuk eraman zituzten. 844dik gora zauritu zituzten, eta Europako hainbat agintarik kezka agertu dute ikusitakoarekin.

Mahaiko kideak botoak zenbatzen, Bartzelonan. JAUEM SELLART
2017ko urriaren 2a
08:43
Entzun

Jordi Turullek Raul Romeva eta Oriol Junquerasekin egindako agerraldian eman zituzten datuak atzo, gauerdia pasata. Zailtasun eta oztopoen gainetik halako emaitza lortu izana txalotu zuten, eta erreferenduma posible egin zuten guztiei esker ona agertu zieten. Izan ere, bozkalekuak ireki orduko hasi ziren Guardia Zibila eta Espainiako Polizia boto emaileei oldartzen. Indarkeria basatia izan zen zenbait kasutan. 800 zauritu baino gehiago eragin zituzten; bi, larri. Beste zenbait kasutan, botoak zituzten hautetsontziak eraman egin zituzten poliziek, eta ia 400 ikastetxe ezin izan zituzten ireki, Poliziak eragotzi zuelako.

Atzoko egunak utzitakoaren ostean hitz egin zuen Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak, datuak argitara ematerako. Aurreratu zuen atzo herritarrek emandako ereduarekin Kataluniak irabazia duela estatu independente bat osatzeko eskubidea, errepublika forman. Orain arteko bide orriari eutsi zion, eta esan zuen erreferendumaren emaitza eskuan Kataluniako Parlamentura joango zela baiezkoak irabazten bazuen, errepublika aldarrikatzeko. Gobernu osoaren babesarekin egin zuen atzo iluntzean agerraldia.

Halaber, Europako Batasunari dei zuzena egin zion. Esan zuen ezin duela beste aldera begiratzen segitu. "Espainiaren aldetik eskubideen eta askatasunaren murrizketa jasan duten herritarrak europarrak dira; Europako giza eskubideen itunak jasotzen dituen eskubideen bortxaketa jasan dugu". Esku hartzeko eskatu zion.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.