24. Korrikako mezua: «Euskara gara eta hemen gaude»

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako zazpi gazteren artean osatu dute lekukoak eraman duen mezua. Oier Iñurrieta, Oihana Arana, Elene Mengyu Larrinaga, Beñat Jusue, Aitzol Gil de San Vicente, Xalbat Alzugarai eta Leire Casamajou izan dira idazleak.

Paulo Ostolaza.
2026ko martxoaren 29a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argitu da misterioa: 24. Korrikako mezuak ez du idazle bakarra, zazpi baizik. Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeetako zazpi gaztek idatzi dute lekukoak barruan eraman duen mezua, elkarlanean. AEK-k azaldu du ez dituela ausaz aukeratu: «Guztiak euskara dira gaur egun, baina hainbat bide ibili dituzte horretara heltzeko, ez baitute hizkuntza modu berean jaso. Hori bai, euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, ezinbestekoa denean guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, Oierrek, Oihanak, Elenek, Beñatek, Aitzolek, Xalbatek eta Leirek argi dute euren engaiamendua; horrexegatik dira euskararen pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla».

Hauek izan dira mezua idatzi duten zazpi gazteak: Oier Iñurrieta Garmendia, Oihana Arana Cardenal, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao, Beñat Jusue Rosano, Aitzol Gil de San Vicente Pla, Xalbat Alzugarai Etxeberri eta Leire Casamajou Elkegarai.

Bilboko udaletxearen aurrean, milaka euskaltzale aurrean zituztela, txandaka irakurri dute mezua:

«Euskara gara eta hemen gaude. Eskutik eskura trazatu dugu gure herriaren gorpuzkera.

Hatsanturik, baina aitzina eraman gaitu gorputzak. Urrats bat eta bestea, lurrean errotuz.

Korrika dabilenean izerdiz betetzen den gorputza da gurea. Borrokaren eta desiraren aztarnak harro daramatzana. Korrika dabilenean taupadak azkartzen zaizkion gorputza da gurea. Asaldatu egiten dena. Nekatu egiten dena. Hunkitu egiten dena. Korrika dabilenean indarberritzen den gorputza da gurea. Etengabeko eraldaketak aberasten duena. Beti aurrerantz doana.

Sohütatik, Urepeletik, Tuteratik, Hendaiatik, Barakaldotik, Gasteiztik, Eskoriatzatik... pasatu den gorputz bat egin dugu. Basa, asfaltoa, belarra, harea... zapaldu dituena. Lur zati bakoitzeko eleak ikasi dituena. Pauso sendoz dabilela dirudi, baina zalantzatia ere bada gorputza. Birpentsatu zalea, beharrezkoa denean iritzia aldatzen duena.

Gure gorputzak esan nahi duen dena euskaraz da, baina ez du esan nahi bakarrik euskara. Egin nahi du berba nekeaz, pozaz; botereaz, minaz. Egin nahi die orro batzuei eta irri besteei.

Zenbat gara? galdetzen genuenok nortzuk garen ere jakin nahi dugu orain. Nondik garen, zergatik egiten dugun hau guztia, zerk sortzen duen gutasuna. Euskara gara diogu, ez euskara naiz. Komunitateaz ari gara. Beso zabalik dagoen gorputzaz, zeinak leihoak dituen begietan. 

Urrats bat eta bestea, gorputz bat egin dugu denona. Ez dezagula ahaztu hori bihar, bakoitza berera itzultzen garenean. Euskarak egin du gorputza. Hizkuntzak eraldaketarako tresnak dira, leku bat ematen digute bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digu. Horregatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin egiten da, baina izatea ez da edozein gauza. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan.

Urrats bat eta bestea, aurrekoei jasoa dakargu ahots berrietan. Honaino heldu gara, bai, baina ez gara iritsi. Oraina berehala amaitzen da. Azalberrituta datoz munstro zaharrak, baina gorputz bat sortu dugu. Askotarikoa, konprometitua, indartsua. Eta gaur hemen badago, egongo da bihar ere.

Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude.

Aurrera goaz. Bazatoz?»

Mezuaren idazleak

Mezuaren idazleek egin duten bidearen berri eman du AEK-k. Iñurrietak 25 urte ditu, irakaslea da eta euskaraz bizi da Gasteizen. «Gero eta espazio eta eskaintza euskaldun gehiago ditugu gurean; horietako bat da Korrika baten harira sortu zen Zunba Herrikoia, zeinetan 2018tik hartzen dudan parte», kontatu du. Korrika beti izan du oso kuttun, gurasoei eta AEK-ko kide den izebari esker. Hamaika oroitzapen eder ditu; 23. Korrikan Gasteiz osoa egin zuen «furgoneta magiko horren barruan» esatari, eta orain bete du lekukoa eramateko ametsa: «Non eta Bilbon; noiz eta 24. Korrikan; zein eta azken kilometroa; nola eta mezulari gisa; norekin eta beste sei lagunekin».

Aranak ere 25 ditu, eta Eskoriatzakoa (Gipuzkoa) da; Korrikak txoko berezi bat dauka haren memorian: «Haurtzarora narama, jaioterrira, amaren eskura». Aranaren etxea beti izan da euskalduna eta euskaltzalea, baina argi du bederatzi urterekin bertso eskolan hasi izanak oso eragin sakona sortu ziola nerabezaroan, «neure burua euskaraz dela ondoriozta nezan». Donostiara joan zen Gizarte Antropologiako ikasketak egitera, «eta bertan topatu nituen transfeminismoa eta ikuspegi horretatik euskaraz bizitzeko aukera». Umetatik izan da berbazalea, eta zaletasuna ogibide bilakatu du: «Berbak oinarri dituzten hainbat arte adierazpide lantzen ditut orain nire egunerokotasunean: literatura eta bertsolaritza, batez ere».

Larrinagak 23 ditu, eta Barakaldokoa (Bizkaia) da; Txinan jaio zen 2003an, eta 11 hilabeterekin heldu zen Euskal Herrira, gurasoek adoptatuta. Euskara txikitatik izan du presente: «Amak Pirritx eta Porrotxen kantak jartzen zituen, eta ETB3 pizten zuen, bi alabok Doraemon ikusteko». Amarekin joan zen lehendabizikoz Korrikara, 7 urterekin: 17. Korrika zen, eta buruz ikasi zuen Euskalakari kantaren letra. Nerabezaroan, D modeloan ikasi arren, «institutuko irakasleekin hitz egiteko bakarrik» erabiltzen zuen euskara, gainditu beharreko irakasgaia besterik ez zen harentzat. Amak AEK-n apuntatzera animatu zuen, eta, unibertsitatera sartzean, ikasketak euskaraz egitea aukeratu zuen: «Lehen aldia izan zen hainbeste euskalki entzun nituena, eta ama izugarri poztu zen lagun berriekin euskaraz hitz egiten hasi nintzenean». Gaur egun, ahizpa eta biak euskaraz dakien lehen belaunaldia dira familian: «Ama hizkuntza gaztelera izan arren, ni euskalduna naiz amari esker».

Jusuek 28 ditu, eta Tuterakoa (Nafarroa) da. Argia ikastolan euskaldundu zen: «Hamasei urterekin konturatu nintzen zein txikia den Tutera». Orduan hasi zen, auzoko beste gazte batzuekin batera, Euskararen Eguna, gazte egunak eta bestelakoak antolatzen: «Pixkanaka, belaunaldi berriak gerturatzen hasi ziren, eta, Tuterako jaietan gazteontzako espazio propiorik ez zegoela konturatuta, txosnak jarri genituen». Batxilergoa gaztelaniaz egin ostean, unibertsitate garaiko urteetan militantziak ardaztu zuen haren bizitza; hala, 22 urterekin, Union Tutera taldearen sorreran parte hartu zuen, euskara, parekidetasuna eta kultur integrazioa sustatzeko. 28 urterekin, Tuterara itzuli da bizitzera: «Oraindik gauza asko ditugu egiteko, baina sinisten dut egunen batean euskaldunok Tudelako auzo periferikoa izateari utziko diogula; badakit ia 40.000 biztanleko hiria bihurtuko garela».

Gil de San Vicentek 23 ditu, eta Hendaiakoa (Lapurdi) da. Donostian jaioa, bertan bizi izan zen zazpi urtera arte. Gatazka politikoaren ondorioz iritsi zen Ipar Euskal Herrira, eta motxiladun umea izan zen. Euskara du ama hizkuntza, baina euskararekiko lotura Bernat Etxepare lizeoan sendotu zuen, «euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko borrokan. Ipar eta Hego Euskal Herria lotu gintuzten ikastolek, ikasle mugimenduak eta euskarak». Garai hartan hasi zen militatzen, «eta orduan egin nintzen abertzale». Medikuntza ikasten ari da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean: «Muga administratiboak oztopoak dakartzan arren, hori zen euskaraz ikasten jarraitzeko aukera bakarra».

Alzugaraik 24 ditu, Urepelekoa (Nafarroa Beherea) da, eta BERRIA egunkariko kazetaria da Baionako ordezkaritzan. Euskara etxean ukan zuen. Hezkuntza sistema elebidunean ibili zen hemezortzi urte izan arte. Besteak beste, horren eraginez, «nerabezaroan frantsesak gaina hartu zidan, etxetzat nuen hizkuntza kasik suntsitzeraino». Hamalau urte zituela, Korrika Urepeletik abiatu zen, eta horrek lagundu zion nolazpait etxeko zimenduak berriz eraikitzen. Ondotik izan ziren kolegiotik lizeorako saltoa eta euskarari buruzko kontzientziazio prozesuaren hastapena: «Hango irakasle batzuei eta, batez ere, bertan ezagutu lagunei zor diet berreraikitzen hasi zen etxearen zimenduak segurtatzea». Zimenduetatik paretak eraikitzerainoko bidean, Gasteizera joan zen. «Etxearen teilatua, berriz, Basaizea elkarteko lagunei zor diet, fakultate denboran hasi bainintzen hantxe engaiatzen». Geroztik gurutzatu dituen lekuek eta jendeek etxea bukatu eta fin apaindu diote, «ene etxea berriz ere euskara(z) izan dadin».

Azkenik, Casamajouk 23 ditu, eta Sohütakoa (Zuberoa) da. Alzugarai bezala, BERRIA egunkariko Baionako erredakzioan dabil lanean. Alta, frantsesa du ama hizkuntza, «ez amak ezta aitak ere ez baitzekiten euskaraz, ni eta ene ahizpa anaiak sortu ginelarik». Haatik, euskaraz izan ez bada ere, «euskaratik hazi gaituzte hatsarretik, eta bide horretan jarraikitzen dute oraino ere. Hola egin gaituzte euskaltzale, abertzale; gure hizkuntzaren eta herriaren aldeko militante». Haiei zor die, hortaz, euskara izateko hautua ukan izana. Hautu horren egiteko adinera heldu zirelarik, hain zuzen, «gurasoen ildo beretik aritzea» deliberatu zuten ahizpa anaiek: «Hizkuntza-ohiturak aldatu, eta euskaran murgildu ginen osorik, eskain ziezazkigukeen alde guziei beso zabalik. Orain arteko bidean, beste batzuek ere euskara egin gaituzte are gehiago: pertsonak eta lekuak, gaiak eta arloak; dudarik gabe, horietarik bat da Korrika».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!