Atharratzetik, Zuberoako bostehun biztanle inguruko herri txiki batetik, abiatuko da 24. Korrika. Margita Queheille Korrikako lehen egunaren arduradunak azaldu duenez, 5.000 pertsona inguru gerturatuko direla espero dute. Azpiegiturak egun horretarako doitzea, beraz, lan eskerga izan da, baina lantalde aski motibatuak eratu dituzte eguna aurrera ateratzeko, jan-edana, aparkalekua eta jai giroa bermatzeko.
Ohiturari jarraikiz, aurreko Korrika amaitu zen lurraldean hasiko da oraingoa: Zuberoan, hain zuzen ere, eta Atharratzen zehazki. Izan ere, aurrez behin baino ez da Korrika hortik pasatu, 1985ean, Korrikaren 4. edizioan. Hain zuzen, Atharratzetik abiatu zen orduan ere.
Alta, euskara sustatzeko eta kalera ateratzeko beharra sekula baino beharrezkoagoa da. Zuberoan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek erakusten dute etxeko transmisioa eten egin dela, eskola transmisioak ez duela %15 gainditzen, eta euskararen erabilera galtzen ari dela kalean. Gainera, Zuberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen eskualdea eta lurraldea.
Euskara sustatzeko lagungarri
Horregatik da garrantzitsua Queheillerentzat Korrika Atharratzetik abiatzea, «Zuberoa argitan ezartzea esan nahi baitu Euskal Herri guztian; hori inportantea da». Euskararen erabilerari ere erreparatu dio. Transmisioaren galeraz ohartarazi du, kezkatuta, berretsi baitu galtzen ari dela euskara Zuberoan. «Euskara bultzatzeko eta euskararen inguruko dinamikak bultzatzeko lagungarri izan liteke Korrika bertan hastea».
Egitaraua ere propio antolatu dute, eta goizean goizetik sumatuko da jai giroa. 10:00etan Korrika txikia abiatuko da, eta Zuberoako eskoletako ikasleek hartuko dute parte. Egunean zehar txaranga, gaiteroak, haurren txokoa, dantzaldiak eta beste izango dira.
Herri bazkari baten ostean abiatuko da Korrika. 15:00etan ekitaldi nazionala izango da, eta 15:30ean abiatuko da lekukoa eskuz esku, Euskara gara lelopean. Euskal Herri osoa zeharkatuko du Zuberoatik Nafarroa Beherera eta handik Nafarroa Garairako bidea hartuta. Festak segituko du, ordea, Ipar Euskal Herriko zenbait musika talderen laguntzarekin.
Korrika kulturalak lagundu du azken asteetan giroa berotzen, 30 ekitalditik gora egin baitituzte Zuberoa osoan, eta lan horren guztiaren isla ikusiko da bihartik aurrera.
Mendialdeko gunea izanda, errepideak estuak dira. Bertaratzeko asmoa duenari autoa ahal den heinean partekatzea eskatu du Queheillek. «Atharratze ttipia baita, baina etor dadila jendea motibatuta, gogoz».