Euskaldun gehien-gehienentzat da Korrika zerbait berezia, hunkigarria, parekorik ez duena. Baina gutxi batzuentzat da Korrika bizitzeko era bat. Haietako bat da Joseba Irazabal, furgoneta gidaria: «Bada bizitzeko modu bat; oso bizia, oso polita da, indarra ematen duena, energia asko ematen duena». 31 urte. Hamabost Korrika. Aurtengoa izango du azkena; erretiroa hartzekotan da.
Egin atzera 31 urte. 1995a zen. Hamargarren Korrika hastekotan zen, eta lagun baten dei bat jaso zuen Irazabalek: «Furgonetan zebilen lagun batek deitu zidan. Garai hartan, ez genituen hain erraz lortzen lo egiteko lekuak-eta, eta nik Euskal Herria nahikoa ezagutzen nuen, bizikletan ibiltzen naizelako. Esan zidan: zure profileko bat nahi dugu, lo lekuak-eta antolatzeko eta furgonetan etortzeko».Â
Hamargarren Korrika izan zen furgonetan joaten zena. Oraingoaren aldean «desberdina» zela akordatzen da: «Gogoratzen dut korrika asko egiten genuela atzera eta aurrera. Orain, aurreko furgonetatik jaitsi naiz, eta bigarren furgonetaren zain geldirik egon naiz, zuekin egoteko [elkarrizketa Korrikaren bigarren furgonetan eginda dago]. Orduan, atzeko furgonetara ere korrika egiten genuen». Dena asko «bizi» zutela dio: «Oso desberdin gogoratzen dut, desberdina zelako dena, baina gu ere gehienak berriak ginen taldean, eta dena iruditzen zitzaigun oso handia. Gogoratzen dut oso-oso bizia, oso nekagarria eta oso-oso polita».

Behin etorri, eta «katigatuta» geratu. Zergatik, baina? «Ez dudalako jakin ateratzen. Egiten dut Korrika bat, amaitzen dut, eta lehenengoetan asmoa neukan segitzeko, baina hurrengoetan ja esaten nuen: ‘Hurrengo urtean, agian, ja utziko dut’. Eta hurbiltzen zen hurrengo Korrika, eta ezin nuen».Â
Hamabost Korrikatan ezin konta ahala bizipen eta anekdota eduki ditu. Elurra egin zuenekoa nabarmendu du: «Bizipen asko ditut. Azkenetako bat gogoratzeagatik, duela bi urteko elurtea: gau horretan pasatu genuen Sakana». Kazetariak galdera: «Duela lau urte izan zen, ezta?». Irazabal: «Duela bi Korrika, bai. Guk Korrikatan hitz egiten dugu. Esaten dugu: ‘Duela bi urte...’ Eta berez duela lau urte da». Eta segitu du pasadizoa kontatzen: «Oso bizia izan zen dena, zeren ez genekien seguru pasatu ahal izango ginen ala ez. Denbora guztian ibili ginen jendeari eskatzen ekartzeko elurra kentzeko makinak, eta denak oso pozik etortzen ziren. Ikusi genuen furgonetak ezin zuenean aurrera egin jendeak bultza egiten zuela eta denon artean furgoneta igotzen genuela; oso gau magikoa izan zen, oso».
«Guk Korrikatan hitz egiten dugu. Esaten dugu: ‘Duela bi urte...’ Eta berez duela lau urte da»
JOSEBA IRAZABALÂ Furgoneta gidaria
31 urte eta hamabost Korrika. Aurtengoa izango du, baina, azkena. Aurreko Korrikan hartu zuen erabakia: «Joan den urtean esan nuen: ‘Edo esango dut orain eta jende guztiak entzun dezala, edo ez dut utziko. Oraindik hemen nago, baina hurrengo Korrikan ja espero dut behean korrika egiten aritzea». Esan du oraindik ez dela jabetzen azkena duela: «Oraindik ez dakit konturatzen naizen azkenekoa dela. Korrikan sartu gara, eta ematen du hemen bizi garela eta biziko garela». Eta hurrengo Korrikan, zer? «Batzuetan ematen dizkiot bueltak, eta hasten naiz pentsatzen zer egingo dudan gero. Baina ez dut pentsatu nahi azkena dela; pentsatu nahi dut Korrikan nagoela, bizi nahi dut Korrika, eta aprobetxatu».
Bizi, aprobetxatu, gozatu. Horretan aritu da gaur ere: furgoneta gidatzen, aurrera eta atzera. Korrikak Nafarroan hasi du eguna, baina berehala sartu da Arabara, lehenengo aldiz. Arabako Errioxan egin ditu kilometro batzuk, eta, gero, Mendialdean ibili da ordu txikietan. Baina goizean gehienbat Lautadan ibili da. Gaur astelehena izaki, eskola ume ugari izan ditu esperoan: Dallon, Agurainen, Araian... Esaterako, Dulantzitik Dallorako bidean izan da lekuko hartze berezi bat, Lazkaoko ikastolakoena (Gipuzkoa). Kilometroak jaia bertan egingo dutela eta, hirurehun bat ikasle joan dira Arabako Lautadan lasterka egitera.

Bertan, euskararen egoera ez da samurra. Arabako Lautadako kuadrillako euskara teknikaria da Joseba Legarda. Esan du ezagutza aldetik azken urteetan «urrats handiak» egin direla: «1990ean-edo, euskaldunak eta ia euskaldunak %10 ziren; gaur egun, euskaldunak, %36, eta ia euskaldunak, %20. 30 urtean %10etik %56ra pasatu da». Horretan hezkuntzak eta euskaltegiek «lan handia» egin dutela nabarmendu du. Alta: «Arazoa erabileran daukagu; erabilera nahiko txikia da. Ez daukagu datu zehatzik, Lautadako kuadrillan azkenaldian ez delako neurketarik egin. Dauzkagun datuak Lautada osokoak dira, eta hor erabilera datuak ez dira %10era iristen». Baina bada esperantzarako tarterik, Legardaren esanetan, haurrek gehiago erabiltzen dutelako: «Umeen, gazteen eta familia gazteen artean gero eta gehiago entzuten da, eta hori da gure erronka nagusia, ezagutza baliatzea erabileran urratsak egiteko. Horretara bideratu ditugu planak eta egitasmoak».

Gipuzkoara
Arratsaldea, berriz, Sakanan igaro du. Eta bertan ere izan da lekuko hartze berezi bat: Zetak taldearen izenean —24. Korrikako abestia ondu dute—, Pello Reparazek hartu du lekukoa. Gero, besteak beste, Lekunberrin, Betelun eta Ariben izan da. Bertan omenaldia egin diote Juan Gorriti eskultoreari; Korrikaren lekukoaren egilea da. Gero, 21:30 aldera, lehenengo aldiz sartu da Gipuzkoara, Lizartzatik.
Â
Â