«Atención, peatones. Prueba deportiva [Kontuz, oinezkoak. Kirol proba]». Hala ohartarazten zuen Foruzaingoaren autoak, baina atzetik ez zuen ez oinezkorik, ez kirol probarik; bai, ordea, bi furgoneta eta ehunka euskaltzale lasterka: 24. Korrika. Erribera hartu du gaur euskararen aldeko aldarriak, eta ozendu dituzte ahotsak: «Erriberan ere euskararen alde».
Oraindik orain, lur elkorra da Erriberakoa, apenas entzuten den euskararik, eta haren aldeko hizkuntza politikak ere ia ezereza dira: Nafarroako Gobernuak eremu ez-euskalduntzat dauka izendatuta. Alta, euskaltzaleek lan nekaezinean dihardute, eta etengabe ereiten ari diren lurretik ari dira fruituak heltzen. Horren erakusgarri, Errigora, euskararen eta elikadura burujabetzaren aldeko proiektua. Aurtengo Korrikaren omendua da, eta gaur egin du kilometroa San Adrianen.
Egunerokoan gaztelera nagusi den eremua euskararentzat eta euskaltzaleentzat izan da gaur. Goizean goizetik jendetza izan da kalean eta olibondoz eta almendrondoz inguratutako kilometro luzeetan. Tutera, Cintruenigo, Corella, Castejon, Cadreita... Jendez lepo den-denak. BERRIAk ere hartu du lekukoa, Tuteratik Cintruenigora bidean.

Asko izan dira Erriberako bertako euskaltzaleak; beste asko asteburu-pasa joandakoak. Gazte kuadrilla eta familia pila. Horietako bat Kontxita Beitia andereño historikoarena. Cadreitatik Milagrora bidean hartu dute lekukoa Beitiak berak, seme-alabek, bilobek eta birbilobek. Lau belaunaldi. 25 pertsona.
Beitiak azaldu duenez, hirugarren Korrikatik parte hartu izan du, 1983tik; ondo gogoan du familian egin zuela lehenengo aldiz lasterka, eta, gero, hurrengo Korrikatik aurrera, baita andereño aritzen zen eskola publikoko umeekin ere: «Eskolan erosi genuen kilometroa. Oso polita izan zen. Gurasoak ere biltzen genituen, Korrika zer zen kontatzeko, eta eskatzen genien haiek ere parte hartzeko. Eta hasi ziren parte hartzen, sekulako ilusioarekin».
Harrezkero, ikusi du Korrika nola joan den hazten eta hazten. Orduan hala uste zuen, eta orain ere bai: «Hainbeste egunean euskara hain presente edukitzeak sekulako laguntza eman zigun denoi, eta segitzen du ematen. Ez du batere galdu bere eginbeharra, eta uste dut gero eta indartsuago dagoela». Eta, 85 urterekin, lasterka jarraitzeko asmoa du: «Dinokorrika egiten da Hernanin, eta horra ere joaten naiz, baita Korrika txikira ere. Korrika guztietara joaten naiz. Idiazabalera ere joango naiz, Tolosara ere bai...». Korrikan parte hartu ez ezik, gustuko du petoen bilduma egitea ere, eta balkoian zintzilik jartzen ditu: «Zortzigarren Korrikatik aurrerako denak dauzkat».
Erriberan, Errigora
Arratsaldean ere Erriberatik Lodosalderako bidea hartu du Korrikak: Azagra, San Adrian... Hain zuzen, San Adrianen hartu dute lekukoa Errigorako kideek, eta ehunka lagun batu zaizkie atzean: «Gora, gora, gora, Errigora!». Euskara eta euskaldunak bereziki zapalduak eta gutxietsiak diren eremuan goratzen baitu euskara, eta aldarrikatzen baitute Erriberan ere euskara badela eta euskara direla.
Irati Abio Errigorako kidea da. Nabarmendu du «opari bat» eta «ohorea» direla AEK-k Errigora aukeratu izana gorazarre egiteko: «Gainera, AEK-k emandako opari bat da, eta haiekin elkarlanean eskuz esku lan egiten dugu». Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ardaztutako proiektua da Errigora. Bi kanpaina nagusi dituzte: Nafarroako produktuekin saskiak osatzen dituzte, eta Euskal Herri osoan zabaldu, boluntario sare baten bidez: «Euskal Herriko berrehun herritan baino gehiagotan gaude, han eta hemen ditugun boluntarioei esker. Herriz herri dabilen boluntario sare horrek ematen dio gorputza Errigorari; haiek barik ez litzateke egongo».
«Nafarroako Gobernuak eremu ez-euskaldun izendatzen duen hori eremu euskalduna dela aldarrikatzen dugu, eta hor ere euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzeko lan egiten dugu»
IRATI ABIO Errigorako kidea
Horien bidez lortutako diruaren laurdena Nafarroaren erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintzara bideratzen dute: Agerraldira, AEKra, ikastoletara eta Sortzenera —D eredu publikoaren aldeko taldea—. Dena euskara bizi dadin: «Nafarroako Gobernuak eremu ez-euskaldun izendatzen duen hori eremu euskalduna dela aldarrikatzen dugu, eta hor ere euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzeko lan egiten dugu».
Gauean, berriz, Tafallaldera: Lerin, Larraga, Mendigorria... Eta bihar iritsiko da hiriburura, Iruñera. Arratsaldera arte bertan ibiliko da, eta gero Lizarraldera egingo du: 21:15 pasatxoan ailegatuko da Lizarrara.