Errigorako kidea

Ibai Sueskun Fernandez: «Errigoran dauden kontserba enpresek euskara planak dituzte jada»

Euskara, elikadura burujabetza eta auzolanaren balioak Euskal Herri osora zabaltzeko aukera paregabea emango die Korrikak Errigorako kideei, aurten haiek baitira omenduak.

Ibai Sueskun Fernandez Errigorako kidea. IÑIGO URIZ / FOKU
Ibai Sueskun Fernandez Errigorako kidea. IÑIGO URIZ / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2026ko martxoaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEKrentzat eta Korrikarentzat esker hitzak baino ez ditu Errigorak, elkarte horixe izango baita aurtengo Korrikako omendua. Ibai Sueskun Fernandezek (Iruñea, 1985) azaldu du emozioz eta bizipoz handiz parte hartuko dutela Korrikan bihartik aurrera, eta sinetsita daude erresonantzia kaxa ezin hobea izango dela hamaika egunez Errigoraren balioak lau haizeetara zabaltzeko.

Nola jakin zenuten Korrikak Errigora omenduko zuela?

Bilera baten bidez esan ziguten Korrikaren inguruan omenaldi bat izaten dela urtero, eta aurten gu izango ginela omenduak, euskararekin dugun konpromisoagatik. Ohore bat da guretzat. Korrika gehien ukitzen gaituen ekimena da, bai herrigintzaren ikuspegitik, bai emozionalki. Nor ez da emozionatzen Korrika bere herritik pasatzen denean? 

Zer esan nahi du honek Errigorarentzat?

Ikusten dugu euskarekiko dugun egiteko hori lehenesten dela. Errigora eragile garrantzitsu baten gisan aurkezten da gure herrian; gure txikian, iruditzen zaigu egiten duguna ez dela hainbesterako, baina omenaldiak bozgorailu bat ematen digu, eta aitortza bat ere bai. Horrek asko betetzen gaitu.

Azalduko zeniguke zein den Errigoraren funtzioa, zer den, eta zergatik sortu zen?

Errigora diagnostiko baten ondorioz sortu zen. Nafarroako hego-ekialdean badago indargune bat: nekazaritza, Euskal Herriko baratzea da. Indargune hori, ordea, gain behera zihoan nolabait, eta ikusten genuen hauspoa eman behar geniola. Eta gero, gure ernamuina izan zen Tuterako Argia ikastolak behar ekonomikoak zeuzkala. Errigorak ez zuen izenik, baina izana orduan piztu zen. Alegia, hitz egin genuen, eta pentsatu genuen kontserba enpresa pare batekin hitz egin, saski batzuk prestatu eta hortik jasotzen zen diruaren parte bat ikastolari ematea. Lagunekin, ezagunekin eta abarrekin hizketan hasi, eta, azkenean, mila saski baino gehiago saldu ziren Euskal Herri osoan. Etekin handi samarra lortu zen Argia ikastolarentzat. Ikusi genuen hor bazela zerbait, jendeak oso ondo hartu baitzuen ekinaldia.

Eta nola bururatu zitzaizuen euskara, elikadura burujabetza eta auzolana lotzea?

Euskararen alorrean, Nafarroan badaude hiru eragile nagusi euskalgintza sustatzen dutenak: Sortzen euskal eskola publiko berriaren aldeko elkartea, Ikastolen Elkartea eta AEK. Bestalde, elikadura burujabetzaren perspektibatik, kontserba enpresak eta oliogileak ziren ardatza, lurrarekin lotura zuzena duten enpresak alegia. Euskararekiko sentsibilitate txiki bat zuten kontserba eta olio enpresekin hasi ginen harremanetan jartzen. Lortu genuen hitzarmen bat egitea Sortzen-ekin, Ikastolen Elkartearekin eta AEKrekin, eta, gero, bost kontserba enpresa batu ziren hitzarmenera. Orduan, Errigoraren izena eta izana sortzen hasi ginen poliki-poliki. Gure ardatz nagusiak hauek dira: bat, Nafarroa hegoaldean eta ekialdean euskaraz zabaltzea; bi, elikadura burujabetza sustatzea —kontzeptu abstraktu bat dirudi, baina Euskal Herriko plazetara eraman nahi ditugu gure produktuak, hemengo orburuak, piperrak…—, eta hiru, hori guztia auzolanaren filosofiarekin egitea.

Zer eman dizue bideak?

Argia ikastolak diru beharra zeukan, eta orduan pentsatu genuen hori asetzeko zerbait egitea, baina inguruarekin lotuta. Inguruko indargunea bertako produktuak dira. Iruditu zitzaigun ideia indartsua zela, produktu horiek Bizkaira, Gipuzkoara eta beste lurraldeetara eraman ditzakegulako, eta, hala, herria egin. Beste aldagai batzuk sartzen hasi ginen gero. Saiatu ginen beste kontserba enpresa eta olio errota batzuk batzen egitasmo honetara. Inguruan defizitarioak izan zitezkeen bi elementu batu genituen: nekazaritza eta euskara. Eta, biak batuta, indargune bat sortu genuen. Bide batez, kontserba enpresak euskarara hurbildu genituen.

Euskara ofiziala ez den eremuan sortu zen ekinaldia, 2012an. Nolako harrera izan du herritarren artean?

Herrigintzaren perspektibarekin, baina gauza praktikoak jarri ditugu martxan. Kontserba enpresa batzuetara joaten ginenean gure ekinaldia aurkeztera, batzuek hau esaten ziguten: «Baina nolatan etorri dira hauek, euskara, elikadura burujabetza eta dena lotzeko asmoz?». Gero, ordea, ikusi zuten jende serioa ginela. Esan genien salgai zeuzkaten produktu horiek saldu nahi genituela, euskaraz etiketatuta. Ikusi zuten bazegoela harreman bat Euskal Herriko beste lurraldeekin. Zergatik jarri kontserba enpresak eta olio errotak Zaragozara edo Errioxara begira, hemen harreman sare batzuk baldin bagenituen jadanik? Guretzat hori izan zen inportanteena, harreman hori Euskal Herriko beste lurraldeetara zabaltzea.

«Zergatik jarri kontserba enpresak eta olio errotak Zaragozara edo Errioxara begira, hemen harreman sare batzuk baldin bagenituen jadanik? Guretzat hori izan zen inportanteena, harreman hori Euskal Herriko beste lurraldeetara zabaltzea»

Nola eratu zen sare hori?

Hasieran, gure lagunen lagunekin. Gero, erakundeen bitartez: ikastoletan, eskoletan, euskaltegietan. Aurrerago, Errigoraren filosofian sinesten duten herritarrekin ere hasi ginen lanean. Batzuek produktuen kalitatearengatik bat egiten dute, beste batzuek euskararengatik, beste zenbaitek herrigintzako lanagatik… Ertz askotatik batu da jendea. Errigorazaleak askotarikoak dira. Euskal Herri osoko zazpiehun puntutara iristen gara, eta herri nagusietan badugu kontaktu bat, sare bat.

«Herritarrek bat egiten dute Errigorarekin. Inor ez dago Errigoraren kontra. Kontrako iritzirik ez sortzea garaipen bat da toki askotan»

Esango zenuke lortu duela euskara eta bertako produktuak ikusgai jartzea?

Gure ustez, Errigorak hori lortu du; izan ere, Erribera ez da lan egiteko zona erraza. Batzuek esaten zuten euskara ez zela beren hizkuntza ere. Eta poliki-poliki aurreratu da horretan ere. Zenbait proiektu jarri ditugu martxan. Elikadura burujabetzaren ikuspegitik, zainzuriak edo orburuak iparraldera eramatea lorpen handia da. Eta bestelako kontsumo eredu bat Euskal Herri osora zabaltzea ere bai. Bitartekaritza espekulatiboa apurtzen dugu. 

Erriberan zer eragin izan duela esango zenuke? 

Eskoletan eta ikastoletan badu zabalpena. Balioa ematen zaie bertako produktuei, eta leku askotara iristen gara. Bost kontserba enpresarekin hasi ginen eta gaur egun 23 dira. Enpresa horiek langileak dituzte, eta nekazariak ere badaude tartean. Guztiok egiten dute lan Errigoraren filosofiaren mesedetan. Hor jende askorengana iristen gara. Kontsumitzaileen sarea ere handia da.

Administrazioek betetzen ez duten funtzio bat betetzen ari da Errigora, saltzen duen saski bakoitzeko bildutakoaren %25 euskalgintzari emanda. Nola ikusten duzu euskararen egoera Erriberan? Sumatzen da aldaketarik?

Herritarrek bat egiten dute Errigorarekin. Inor ez dago Errigoraren kontra. Kontrako iritzirik ez sortzea garaipen bat da toki askotan. Are gehiago, Errigoran dauden kontserba enpresek eta olio errotek euskara planak dituzte jada. Hori garaipen handi bat da guretzat. Gure filosofia da herritarrek Lesakan edo Beran dituzten eskubide berak izatea Erriberan. Horregatik, administrazioak egiten ez duen hori egiten dugu, bai. Administrazioak egin behar lukeen lan bat da. Euskarak ofiziala izan beharko bailuke lurralde osoan, eta herritarrek eskubide berak izan beharko bailituzkete Lesakan edo Cascanten. Horretan ari gara. Administrazioari dei egiten diogu ofizialtasuna lurralde osoan zabaldu dezan.

Nola bideratu duzue enpresa horietan euskara planak ezartzea?

Errigoran zigilu bat sortu genuen duela lau urte: Errigora Balioak. Irizpide hauek biltzen zituen: bertako produktua izatea, langileei modu bidezkoan tratatzea, eta euskararekin konpromisoa izatea. Errigorara sartzen den enpresa batek euskara plan bat izan behar du. Hau da, gaztelaniari ematen zaion garrantzi bera eman behar dio euskarari: administrazioko paperak euskaraz izan, arreta euskaraz ematen saiatu, webgunea euskaratu… eta Errigoraren parte diren enpresa guztiek betetzen dituzte baldintza horiek.

orburutxo eta zainzuriñe korrikan

Errigorak sortu ditu Orburutxo eta Zainzuriñe, eta Korrikaren 

ibilbide osoan izango dira, euskararen, elikadura burujabetzaren eta auzolanaren aldeko mezua hedatzen. Lehiaketa bat ere prestatua dute. 

Korrikaren app-aren bidez egunero zabalduko diren Korrika klik-klak! bideo kroniketan agertuko dira ordezkariok, kilometro jakin batean, eta egun bakoitzean non agertu diren asmatu beharko da. 

Parte hartzeko, Errigoraren webgunean sartu beharko da, 22:00etatik hurrengo goizeko 10:00etara bitartean, eta bertan adierazi zein kilometrotan agertu diren. Sari bikainak izango dira irabazleentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA