Ertzetatik irabazten eta irakasten

Iruñerrian izan da Korrika, eta jendetzak bat egin du harekin. Euskalgintzaren Kontseiluak nabarmendu du hizkuntza politiketan jauzi bat egin beharra dagoela.

Ehunka eta ehunka herritar korrika, gaur goizean, Atarrabian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Lizarra
2026ko martxoaren 22a
21:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dago hitzik gaur goizean eta eguerdian Iruñerrian ikusitakoa, bizi izandakoa eta sentitutakoa deskribatzeko. Kale, bide ertz eta plaza. Denak goraino beteta. Txaloak, txaloak eta txalo gehiago. Oihuak, oihuak eta oihu gehiago. Euskal Herri osoan entzun direnak eta entzungo direnak: «Hemen gaude, euskararen alde!». Eta beren-beregi Nafarroarako balio dutenak: «Euskara ofiziala Nafarroa osoan!».

Atarrabia, Antsoain, Burlata, Uharte... Guztietan egin diote ongietorri beroa Korrikari. Ehunka eta ehunka euskaltzalek bat egin dute euskararen aldeko ekinaldiarekin. Behin Iruñean sartuta, jende oldea auzo denetan: Lezkairun, Arrosadian, Iturraman... eta, bereziki, Alde Zaharrean. Kale ertzak goraino, eta, zenbaitetan, bidea zabaldu behar, furgonetak pasatuko baziren. Ikustekoa izan da, bizitzekoa.

Nafarroako kilometro trabestia, gaur arratsaldean, Iruñetik Arazurirako bidean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako kilometro trabestia, gaur arratsaldean, Iruñetik Aratzurirako bidean. IÑIGO URIZ / FOKU

Euskalgintza ere bizi dago Iruñean. Eredu dira. Tipi-tapa ernaltzen ari dira kimuak azken urteetan. Kimu horietako bat da Laba proiektua. Hartako kidea da Iratxe Legarra. Badira urte batzuk ekinaldia martxan jarri zutela: «Gazteluko plazako lokal baten jabeak nahi zuen euskararen inguruko proiektu bat sortzea bertan». Nahi eta egin. Kafetegi bat jarri zuten, eta han kultur ekitaldiak antolatzen hasi, den-denak euskaraz.

Eta oraindik ere hazi eta hazi ari da, etengabe: irailean zabaldu zuten, handituta. Harrezkero, kafetegi zerbitzuaz beste elkarte bat arduratzen da, eta Labako kideak kultur ekintzak-eta antolatzen ari dira buru-belarri: «Horrek modua eman digu indar handiagoa egiteko, programazio zabal bat eskaintzeko Iruñeko euskal komunitateari, eta proiektu interesgarriak sortzen aritzeko». Izan ere, horixe da Labaren funtsa: «Iruñean euskara erdigunera ekartzea da helburu nagusia».

Korrika ere bidelagun sentitzen dute langintza horretan: «Iruñeko euskal komunitatea asko ikusten duzu egun horietan; egunerokoan, ez dakizu zenbat garen edo ematen du gutxi garela, eta egun horietan ikusten duzu pentsatzen dugun baino indar handiagoa dugula».

«Iruñean euskara erdigunera ekartzea da Labaren helburu nagusia»

IRATXE LEGARRA Labako kidea

Iruñeko Gazteluko plazan dago Laba, eta handik metro gutxira, euskararen aldeko beste proiektu bat: Irauli elkartea. Berriki hasi dute bidea, eta familiei begira jarri dira bereziki: «Iruñerrian haurren %30 doaz D eredura. Gurasoen %13k badakite euskaraz, baina erabilera %3koa da. Gure seme-alabak etxera erdara ekartzen ikusi ditugu, nahiz eta guk etxean euskaraz egin. Horrek mugiarazi gaitu».

Hori horrela, familien hizkuntza ohituretan eragitea dute xede, euskararen aldeko hautua egin dezaten. Lokal bat dute Gazteluko plazan bertan, eta han zenbait jarduera proposatzen dituzte, euskaraz eta familian egiteko. Xabi Gartzia de la Piedad da Irauliren sortzaileetako bat. «Bizipen positiboak sortzea nahi dugu. Ez da gauza bera seme-alabak antzerki bat ikusten uztea edo antzerkia elkarrekin ikustea». Baita adinekoentzakoak ere: «Aste barruan nagusientzako yoga, nagusientzako indar mugimenduak, haur txikientzako dinamikak... ditugu; ostiralero, hitzaldi ireki bat; larunbatetan, goizean, Euskara Plaza: jolasak, euskal dantzako tailerrak familian, eta arratsaldeetan, tailerrak: ipuinak, lego familian...; eta, igandeetan, gorputzari begiratzen diogu: yoga saioak, psikomotrizitatea...».

«[Euskaraz] Bizipen positiboak sortzea nahi dugu. Ez da gauza bera seme-alabak antzerki bat ikusten uztea edo antzerkia elkarrekin ikustea»

XABI GARTZIA DE LA PIEDAD Irauli elkarteko kidea

Ekintzez gain, badituzte beste proiektu batzuk ere. Saretu egin nahi dituzte familia euskaltzaleak: «Iruñerrian euskaraz bizi garen familia asko gaude, baina zabalduta gaude. Hortaz, gurea topagune bat da, sare hori sortzeko». Horretaz gainera, ikerketa bat ere egin asmo dute: «Euskal Herriko mila familiaren hizkuntza ohituren jarraipena egin nahi dugu, eta hortik praktika egokiak atera, pedagogia moduko bat».

Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak lekukoa eskuan hartuta, gaur arratsaldean, Arrotxapean. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak lekukoa eskuan hartuta, gaur arratsaldean, Arrotxapean. IÑIGO URIZ / FOKU

Iruñerriaz harago

Iruñerrira iristerako, beste hainbat herritan ere izan da Korrika. Esaterako, Ezkirotzen hartu du lekukoa Euskalgintzaren Kontseiluak. Bertan, zera adierazi du: euskarak ofiziala izan behar duela Nafarroa osoan; hizkuntza politiketan «jauzi sendo bat» egin behar dela, euskararen ezagutza orokortzeko eta «normal» erabili ahal izateko, eta beharrezkoa dela «milaka euskaltzaleren arnasa» beste pizkunde bat eragiteko. «Euskaltzaleon garaia da. Pizkundean beste txinparta bat eragiteko, ekainaren 13an denok Iruñera!».

Iruñerritik aterata, Lizarraldera joan da Korrika, eta eskualde horretan amaituko du eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!