Bada hizkuntza bat. Bada herri bat. Euskaraz bizi nahi duena. Euskara bizitu nahi duena. Tipi-tapa, tipi-tapa. Eta, zenbaitetan, korrika. Frogatu du urteetan, eta berretsiko du datozen 11 egunetan eta hamar gauetan: 24. Korrikan. Izango da hunkitzeko, ospatzeko. Euskara badelako. Eta izango da, batez ere, aldarrikatzeko. Euskarak izan behar duelako, herriko etxeetan, administrazio publiko guzti-guztietan, azterketetan. Nonahi eta noiznahi. Euskal Herria euskara(z) izan behar delako.
Korrikaren mezuak abiatu du bide luzea Atharratzetik Bilbora. Maitasun eskutitz batek abiatu du bide luzea Zuberoatik mendebaldera. Aurretik, Atharratzeko plazako oholtzara igo dira Maider Hegi Ipar Euskal Herriko AEKren lehendakaria eta Bixente Claverie AEKren Nazio Kontseiluko kidea. Atzean zituzten AEKren Nazio Kontseiluko gainontzeko kideak. Eta aurrean, herri oso bat, Euskal Herriaren luze-zabaletik etorritako milaka pertsona. Plaza leporaino beteta. 24. Korrika. 45 urte beteak. Alta, Claveriek salatu ditu gabeziak eta ezinak: «Trufa badirudi ere, 24. Korrikaren atarian azpimarratu nahi dugu AEK-k lehengo behar berberak dituela: euskararen aldeko kontzientzia piztea eta AEKren eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. Zoritxarrez, egungo marko administratiboek ez dute bermatzen Euskal Herri osoan euskaraz bizitzeko aukera, eta helduen euskalduntzea finantzaketa ezegonkor eta murriztaileen mende dago». 24. Korrikaren leloari, Euskara Gara-ri, egin dio keinua: «Euskara gu gara, eta gu gabe ez dago euskararik». Eta nabarmendu du Korrikak iraungo duen 11 egunetan bezala ondokoetan ere euskara bera eta helduen euskalduntzea erdigunean jarri beharra dagoela: «Horretarako baldintzak bete beharko dira: lidergo politikoa, hizkuntza politika sendoa eta baliabide errealak».
«Helduen euskalduntzea finantzaketa ezegonkor eta murriztaileenÂ
BIXENTE CLAVERIEÂ AEKren Nazio Kontseiluko kidea
mende dago»
«Aurrera, Korrika! Aitzina!», egin du oihu Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak oholtzatik. Oilo larrua, hotzikarak. Jendearen txalo zartak. Eta aurrera egin du Korrikak, lehen metroak, Euskal Irratietako kideen eskuetan egin ditu lekukoak. Ondotik, besteak beste, Zuberoako ikastolek, UEUk, Euskarabenturak, okzitanieraren aldeko La Passem Korrika ahaideak... hartu dute lekukoa.Â
Eta milaka herritarrek josi dituzte Atharratze, Iruri, Zalgize, Doneztebe... «Hemen gaude euskararen alde», ozendu dituzte ahotsak. Eta lehen hiriburura ere iritsi da: Maulera. Euskaltzale horietako bat da Ludi Viguera. Algortan (Bizkaia) bizi da, eta «betidanik» izan du gustuko Korrika: «Guretzat, Korrika dena da: herria, euskara, bihotza, indarra, partekatzea... Ideia zoragarri bat da, gurea bezalako herri batek bakarrik lor dezakeena». Aldiro-aldiro egin izan du lasterka: haurrekin, lagunekin, senarrarekin. Baina: «2022ko urtarrilean, Anttonek, senarrak, iktusa izan zuen. Iktus gogorra izan zuen, errekuperazio gogorra. Ospitalean hilabeteak pasatu zituen». Eta Gorlizko ospitalean (Bizkaia) zegoela, 22. Korrika tokatu: «Bueltaka hasi nintzen, eta pentsatu nuen: ospitalean bertan antolatu behar dut zerbait». Alta, Viguerak dioenez, ez zioten utzi: «Batzuen artean esan genuen: ‘baimenik gabe egingo dugu’. Ederra muntatu genuen... Ez dugu erraz ahaztuko». Oraindik ere, hunkitu egiten da kontatzeko orduan: «Oso egoera gogorra bizi genuen, oso, baina egun hori izan zen...».Â

Ospitaleko Korrikarekin nahikoa ez, eta mendi taldekoei —senarrak oso maitea du mendia— kilometro bat erostea proposatu zien: «Haren argazkia atera genuen, eta furgonetako bat jaitsi zen galdetzera: ‘Baina nor da?’. Esplikatu genion, eta esan zuen: ‘Antton, hemen zaude gurekin’. Oso polita izan zen». Harrezkero, urtero: «Handik bi urtera, pixka bat suspertuago zegoen. Hor nebak eraman zuen gurpil aulkiari bultzaka. Ospatzeko izan zen».Â
Nafarroa Beherera
Zuberoatik Nafarroa Beherera egin du Korrikak. Euskara ezinean da Ipar Euskal Herrian, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak esana da 2050erako 40.000 hiztun gehiago beharko liratekeela herritarren %30 euskaldunak izateko. Langintza horretan ari da AEK bera ez ezik, baita Seaska ere. Haurrak ikastoletan euskaraz hazten eta hezten. Gero eta ikasle gehiago dituzte, eta, horiei behar bezalako hezkuntza emateko, 2027ko irailerako beste lizeo bat eraikitzekoak dira, bigarrena, Donapaleun (Nafarroa Beherea), Baionakoan jada ez baitira ikasle denak sartzen. Handik igaro da Korrika arratsaldean, 19:30ean, eta jendetza izan du esperoan; amaiera ez zen ikusi ere egiten.
«Ikastetxean 180 bat ikasle izanen dira, eta barnetegia izanen du 80 ikaslerentzat», azaldu du Erik Etxartek, Seaskako lehendakaritzako kideak. «Nagusiki» Zuberoako eta Nafarroa Behereko ikasleak hartuko dituzte, baina baita Hazparne (Lapurdi) aldekoak ere. Albiste ona da nola Seaskarentzat hala euskararentzat berarentzat: «Berri ona da, ikusten delako ikasle kopurua goiti joanen dela lizeoan. Gainera, hizkuntzaren hedaduraren aldetik-eta interesa du, barnealdean ere izanen dugulako euskaraz biziko den gune bat». Euskaraz hazten jarraitzeko. Euskarak hazten jarraitzeko. Â
Bihar bigarren eguna izango du Korrikak. Nafarroa Beherean hasiko du eguna, eta, besteak beste, orduantxe iritsiko da, 03:30 aldera, bigarren hiriburura: Donibane Garazira. Haatik, egunak Nafarroan argituko du: Arnegitik sartuko da. Pirinioetan barna ibiliko da goizean zehar, eta Zangozaldera egingo du arratsalderako.