«Euskararen alde egiten duten lanagatik» aukeratu ditu AEK-k Korrikako mezuaren zazpi egileak

Aitor Estebanek erran du Korrikarako mezua idatzi duten zazpi gazteak EH Bilduri «oso-oso-oso lotuta» daudela, eta Ane Elordik erantzun dio gazte horiek egiten duten lana aitortzeko eta euskalgintzan jarduteko modu bat izan zela atzokoa, «ez besterik».

24. Korrikako mezuaren egileak, atzo, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
24. Korrikako mezuaren egileak, atzo, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko martxoaren 30a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Orain arte norbanako bati egiten zitzaion enkargua, baina uste dugu pizkunde bati begira ari bagara belaunaldi gazte bati eman behar zaiola hitza», erran du Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak, hedabideen mikrofonoak bueltan-bueltan dituela. «Guztiok gara euskara, eta askotan gazteengan jartzen dugu zama: esaten diegu ez dutela euskaraz egiten. Haien hitzak ekarri nahi izan ditugu oraingoan oholtzara, garrantzitsua delako adieraztea gazteek nola bizitzen duten euskara». Hain zuzen ere, zazpi gaztek irakurri zuten, atzo, 11 egunez Korrikako lekukoaren barnean joan den mezua, eta Aitor Esteban EAJko presidenteak talde horren aukeraketa kritikatu du irratian gaur: «Bilduri oso-oso-oso lotuta daude zazpi gazteak».

Erantzun motza bezain zehatza eman dio Elordik: «Euskararen alde egiten duten lanagatik aukeratu ditugu, lana aitortzeko eta euskalgintzan jarduteko; ez besterik». Esplikatu du AEK-k «euskara lehenestea» bultzatzen duela eta euskararen bueltan denek batera jardutea nahiko luketela. «Interesen arabera fokua leku batean edo bestean jartzen da, eta guk ‘Euskara gara’ jarri dugu erdigunean».

«Euskarak polemiketatik aparte egon behar du, bai, behintzat, etorkizunik izan dezan nahi baldin badugu», erran du Estebanek, eta eztabaida bat sortu du automatikoki. «AEK-k esaten du euskara denona dela, eta horregatik harritu nau mezuaren egileak zein ziren ikusteak, ez zirelako bereziki Euskal Herriaren aniztasuna erakusten zuten gazteak. Uste dut hori ez datorrela bat AEK-k dioenarekin».

Elordik, aldiz, eskerrak eman dizkio Euskal Herriari, «babes handia» jaso dutelako eta «parte hartze masiboa» izan duelako 24. Korrikak. 11 egun iraun du Korrikak, eta hamabigarren egunera begira jarri da AEK: «Lan handia daukagu oraindik egiteko, eta horretara goaz».

Mikel Torres: «AEk-k hausnarketa bat egin behar du»

Iluntzean, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak berriro heldu dio gaiari. Radio Euskadi irratian elkarrizketa egin diote, eta auziarengatik galdetu diotenean, Torresek erantzun du Korrikak, aurten, «zatitu» egin duela, batu beharrean. Jaurlaritzako eta PSE-EEko ordezkariaren arabera, CCOOk egin duen «gauza bakarra» zera izan da: «Langileak babestea, legearen aplikazioaren gehiegikeria batean aurrean», hizkuntza eskakizunen aurka sindikatuak hasi duen auzitegietako bideari egoki iritzita.

Berretsi egin du ideia hori: «[CCOO] Ez da ezer egiten ari euskararen kontra. Langileek administrazio publikoan jarraitzeko edota administrazio publikora sartzeko duten eskubidea defenditzen ari da, besterik ez. Ezin zaio ezer aurpegiratu CCOO bezalako sindikatu bati. Astakeria bat da langileak elkarren artean borrokan jartzea hizkuntza baten inguruan».

Torresek irratian esan du «pena» eman diola aurtengo Korrikan ez ateratzea —bere alderdiko beste kide batzuek parte hartu dute—, baina defenditu egin du lasterketan atera ez izana: «Ez zait egokia iruditzen euskara bazterketa politikarako tresna gisa erabiltzea». Euskara «guztion ondasun kultural bat» dela ere esan du, eta ez duela onartzen hori zatiketarako erabiltzea: «Uste dut Korrikak egin behar duela hausnarketa bat. Politika oso txarra da, eta barnean hausnarketa bat egokitea tokatzen zaio».

Talde argazkia

Gazte hauek osatu zuten atzo euskal gazteen talde argazkia, Bilboko udaletxearen aurrean, Korrikaren bukaerako ekitaldian: Xalbat Alzugarai Etxeberrik, Oihana Arana Cardenalek, Leire Casamajou Elkegaraik, Aitzol Gil de San Vicente Plak, Oier Iñurrieta Garmendiak, Beñat Jusue Rosanok eta Elene Mengyu Larrinaga Bilbaok. Zeinek bere erara du harremana euskararekin, baina hizkuntzak batzen ditu. Haiek idatzi zuten mezua, eta haiek irakurri.

AEK-k zazpikotearen gaineko zenbait datu eman zituen atzo: 25 urte ditu Iñurrietak, Gasteizen bizi da, eta irakasle aritzen da. Gurasoei eta AEK-ko kide den izebari esker du euskara hain hurbil, eta Gasteizen esatari izan zen orain bi urteko Korrikan. Adin bera du Aranak, eta Eskoriatzakoa da (Gipuzkoa). Bere etxea «betitik» izan da euskalduna eta euskaltzalea, eta haurtzarora darama hizkuntzak, etxera. 9 urte zituela bertso eskolan hasi zen, eta «eragin sakona» izan zuen horrek harengan euskarari dagokionez.

Barakaldokoa (Bizkaia) da Larrinaga, 23 urte ditu, eta Txinan jaio zen. Adoptatu egin zuten gurasoek, eta 11 hilabeterekin etorri zen Euskal Herrira. Gaztelera izan zuen ama hizkuntza, baina AEKn izena ematera animatu zuen amak, eta etxean ahizparekin euskaraz aritzen da orain. Tuterarra (Nafarroa) da Jusue, 28 urte ditu, eta Argia ikastolan egin zen euskaldun. Gil de San Vicentek ere (Hendaia, Lapurdi, 2003) lizeoan sendotu zuen euskararekiko lotura, nahiz eta euskara izan duen ama hizkuntza. Medikuntza ikasten ari da gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatean.

Eta BERRIAko kazetariak dira, azkenik, Alzugarai eta Casamajou. Urepelekoa (Nafarroa Beherea) da Alzugarai, eta etxetik jaso du euskara. Nerabezaroan frantsesak hartu zion gaina, eta orain hamar urte, 14 zituenean, lortu zuen berriz ere euskararekin zuen harremanean sakontzea, Korrika Urepeldik abiatu zenean. Gaur egun euskaraz ditu etxeko zimendu denak. Casamajou, berriz, Sohütakoa (Zuberoa) da, eta 23 urte ditu. Frantsesa izan du ama hizkuntza, baina euskaran hazi dute. «Hola egin gaituzte euskaltzale, abertzale; gure hizkuntzaren eta herriaren aldeko militante».

Zalantzarako tarterik ez du utzi Ane Elordik: «Guziok sortzen dugu euskara, eta guztiak behar ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA