24. Korrikan parte hartzen duenak hainbat kamera ikusiko ditu aurrera eta atzera 11 egunetan biltzen diren hamaika bizipen jasotzen. Kamera horietako batek dokumental bat ontzeko materiala biltzea izango du helburu. Ander Iriarte zuzendariak azaldu ditu Jalgi hadi egitasmoaren helburuak. 2027ko Donostiako Zinemaldian aurkeztu nahi dute euskararen hirugarren susperraldia aktibatzen lagundu asmo duen «tresna» bat. «Euskararen egoera planteatu nahi dugu, eta Korrikaren bidez azaldu, hain zuzen, zera esateko: ‘Korrika goaz, presa dugulako’. Urgentziaren gai hori presente dago».
Euskararen dimentsio guztiak jasotzea dute xede. Besteak beste, hiru eremu administratiboetan banatuta egoteak dituen ondorioak eta eremu bakoitzean dagoen testuinguru soziopolitikoa aurkeztea: «Eta zer dago Euskal Herrian errealitate soziolinguistiko transbertsal horiek batzen dituena? Hori Korrika da», dio Iriartek. Gogoeta hori azaldu zien AEKren eta Korrikaren arduradunei, eta dokumentala ontzeko egitasmoa «beso zabalik» hartu zuten.
Uste du Korrikak baduela errealitate antropologiko bat. «Korrikan gauza asko gertatzen dira. Gertatzen diren gauza horiek gizartearen ispilu dira, eta espero dugu hori ahal den neurrian jasotzea. Korrikan etengabe egongo gara, Go Pro kamera bat eramango dugu jendeak bere esperientzia partekatu dezan Korrika egiten duen bitartean, eta toki bat egokituko dugu Korrikan bertan bere esperientzia konpartitu nahi duenarentzat: zergatik ikasi duen euskara, edo zergatik maite duen… hori dena jasotzea espero dugu».
«Korrikan etengabe egongo gara, jendeak bere esperientzia partekatu dezan Korrika egiten duen bitartean: zergatik ikasi duen euskara, edo zergatik maite duen… hori dena jasotzea espero dugu»
ANDER IRIARTE 'Jalgi hadi' dokumentalaren zuzendaria
Euskara hizkuntza batetik harago doan kontu bat dela ere adierazi nahi dute. «Adibidez, duela bi urte, Korrikan migranteak pasatzen ari bazara Gipuzkoatik Lapurdira, hor hizkuntzaz harago beste zerbait ere esaten ari zara, ez? Arrazakeriaren kontrako mezu bat txertatzen da hor. Adibide bat ematearren. Palestinaren aldeko elkarteak ere aterako dira Korrikan. Borroka transbertsal horiek ere asko hitz egiten dute euskarari buruz».
Horregatik, Iriartek dei bat egin du norberak euskararekin duen esperientzia partekatu dezan: «Ikusten bagaituzue, konpartitu gurekin zure esperientzia, eta bizi euskara».
Atzerakadarako kezka
Izan ere, sinetsita daude euskarak bultzada sendo bat behar duela berandu baino lehen. «Honetara ezkero, ez badugu ezer egiten, euskarak atzeraka egingo du. Eta gure gizartea gero eta azkarrago doa. Auziari ez badiogu sendo eusten, ondorio txarrak izan ditzakegu». Eragile askoren kezka da hori.
Horregatik, Jalgi hadi-n Euskal Herrian euskarak dituen hainbat egoera aztertu eta egoera jakinen aurrean antolatu diren erantzunen berri emango dute. Dokumentalean presente izango dira Errigoraren ekimena, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak UEMAk egiten duen lana, Euskal Herrian Euskaraz-ek egiten duena, Azterketak Euskaraz ekinaldia eta AEK-k helduen euskalduntzean egiten duen lana.Â

Horren guztiaren berri eman nahi du dokumentalak Korrikaren eskutik, eta horregatik grabatuko dute Korrika osorik. «Filma ikusten den bitartean, denbora guztian, Korrika hor dagoen sentsazioa egongo da. Aldi berean, saiatuko gara euskarari eragiten dioten auzi nagusiak mahai gainean jartzen».
«Nahi dugu tresna bat izatea euskarari buruzko auzia azaleratzeko, debatea eskoletara eramateko, herrietara eramateko, euskaltzale guztiak jar gaitezen bata bestearen errealitatea ezagutzen»
ANDER IRIARTE 'Jalgi hadi' dokumentalaren zuzendaria
Bost multzotan banatu dituzte haien ustez euskarak dauzkan auzi nagusiak: lehena, euskararen testuinguru politikoa, hiru eremu administratibotan banatua dagoelako; bigarrena, migrazioarekin izan duen harremana eta egun dagoen erronka; hirugarrena, gaitasunen eta tituluen auzia irakaskuntzan eta alfabetatzean; laugarrena, komunikazioaren auzia, Iriartek zera uste baitu: «beste hizkuntza gutxituekin izan dugun ezberdintasunetako bat da guk kultura sormen itzela daukagula, eta kultura hori hedatzeko hedabideak izan ditugu»; azken zutabea, berriz, legedia da. Zein den euskararen lege esparrua eta oldarraldiaren inguruko auzia hiru eremu administratiboak aintzat hartuta.
Dokumentalak akuilu izan nahi du: «Nahi dugu tresna bat izatea euskarari buruzko auzia azaleratzeko, debatea eskoletara eramateko, herrietara eramateko, euskaltzale guztiak jar gaitezen bata bestearen errealitatea ezagutzen».
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Hirigune Elkargoak, UEMAk eta hainbat enpresak babesten dute proiektua, baina konpromiso sozial batekin abiatu zen, eta, horregatik, dirua biltzeko kanpaina bat ere abiatu zuten, herritarren ekarpena jasotzeko.