«11 egunez korrika aritzen dira, gau eta egun, beren hizkuntzaren, kulturaren eta bizimoduaren alde». Halaxe azaltzen die Korrika zer den Dylan Inglis Edinburgoko Unibertsitateko Literatura, Hizkuntzak eta Kultura irakasgaiko irakasleak eskoziarrei. Korrika Edinburgon antolatzen duen lantaldeko kidea da Inglis. Izan ere, Euskal Herritik kanpo bizi diren milaka euskaltzale daude munduan, eta haiek ere antolatzen dira euskara eta euskal kultur sistema sustatzeko. Korrika martxoaren 19tik 29ra igaroko da Euskal Herrian, eta egun horietan, bost kontinenteetan antolatuko dituzte Korrika egunak edo jaialdiak Euskara gara leloarekin bat egiteko.
Afrikan, Saharan egin ohi dute ekitaldi bat. Amerikan, Boisen (AEB) eta Quebecen (Kanada) egun bat ospatzeaz gain, hegoaldeko hirietaraino, La Plataraino (Argentina) iristen da Korrikaren oihartzuna. Europan, Dublin, Madril, Berlin eta Helsinkiraino ere iritsiko da, Frantzia, Italia, Belgika eta beste hainbat herrialde igarota. Australian, Sidneyn eta Melbournen ere entzungo da Euskara gara leloa. Baita Asian ere, nola Bombayn (India), hala Seulen.
Eskozian 2011tik antolatzen dute Korrika. Bertan bizi diren euskaldunez gain, Etxepare Institutuko irakurle taldea ere badago Edinburgoko Unibertsitatean, eta bertako euskara eta euskal kulturako ikasleak batu ohi dira Korrikaren ospakizunetara. Beste kultura baten inguruko jakin-mina duen jende mordoxka ere bai.
Aurten martxoaren 28an egingo dute Korrika Eguna. Ehun bat lagun elkartu ohi dira, eta Edinburgoko erdigunean egiten dute korrika, banderolekin eta petoekin. «Beste hizkuntza gutxituetako hiztunak ere gonbidatzen ditugu lekukoa eramatera. Hori partekatzea polita izaten da», dio Inglisek. Meadows parkean bukatzen dute korrika, eta herri kirolak egiten dituzte gero, kafea eta pintxoak tarteko.
«Beste hizkuntza gutxituetako hiztunak ere gonbidatzen ditugu lekukoa eramatera. Hori partekatzea polita izaten da»DYLAN INGLIS
Edinburgoko Unibertsitateko irakaslea
120 lagunentzako otordua prestatzen dute gero sukalde taldekoek egun horretarako propio alokatu ohi duten aretoan. Eta horren ostean, kontzertuak, kantak eta dantza saioak egingo dituzte. Ez alferrik, larunbatero hainbat astez 25 ikasle aritu dira zortzikoak, zazpi jauziak eta beste hainbat euskal dantza ikasten. Horiek guztiak erakusteko aukera izango dute 28an egingo duten jaialdian.
Tokion, Yoyogi parkean
Tokion ere altxatuko dute Korrikaren lekukoa. Etxepare Institutuak animatuta, 2022tik antolatzen dute Korrika. Aurten hirugarren aldia izango dute. Tokioko Unibertsitateko irakurle taldeak eta Tokioko euskal etxeak elkarrekin antolatzen dute eguna. 21ean ospatuko dute, Yoyogi parkean.

Euskal etxeko lehendakaria da Gari Ortigosa, eta, azaldu duenez, askotariko jendea elkartzen da Korrika egunean: bolada baterako Tokiora bizitzera joandako euskalduna, han bizi den euskalduna, japoniar euskaltzalea eta baita Tokioko unibertsitateko irakurle taldekoak ere. Korrika zer den ez dakitenei, zera azaltzen die Ortigosak: «Oraindik ere hizkuntza gutxitua da euskara, eta hura bultzatzeko errelebo lasterketa antzeko bat da, baina irabazlerik gabe: lekukoa pasatzea, hizkuntza transmititzea da helburua». Ortigosak dioenez, «Tokio hain handi izanik, eta tokiotarrak oro har besteen gauzetan sartzeko batere ohiturarik ez duten herritarrak izanik, inor ez da harritzen ezta galdezka etortzen ere gu bezalako batzuk korrika ikusteagatik».
Kopenhagen ere altxatuko dute lekukoa. 2017an antolatu zuten lehendabizikoz, eta iazko urtearen amaieran elkartu ziren bigarrengoz Korrika antolatzeko. Edizio honek aukera eman die han bizi diren euskaldunei saretzeko, Arrate Sainz de la Maza taldekideak azaldu duenez. 21ean egingo dute Korrika, 15:00etatik aurrera elkartuta. Euskal dantza, herri afaria eta euskararen eta korrikaren inguruko hitzaldi bat antolatu dituzte egun horretarako.

Hamar-hamabost lagun dabiltza antolakuntzan, eta haien helburua da ahalik eta jende gehien erakartzea Korrikara, ez bakarrik euskaldunak. «Euskararen existentzia, dituen erronkak eta euskal kultura beste pertsona eta kulturetara zabaldu nahi dugu».
Berebiziko garrantzia dute munduko korrikek, AEKren irudiko, euskal diaspora konektatu eta saretzen baitute, helburu batekin: euskara erdigunean jartzea. Horrez gain, euskarari ikusgaitasuna ematen dio, eta atzerrian bizi diren euskaldunak harremanetan jartzeko modua ematen du. Horrek guztiak euskararen nazioarteko irudia indartzen du, hizkuntza bizia, komunitate aktiboa eta etorkizunera begirakoa dela erakutsiz.