Hastear da Korrika, pizkundearen akuilu izatea xede

Bihar abiatuko da, Atharratzetik Bilbora, 'Euskara gara' lelopean. 2.180 kilometroan barrena zeharkatuko du Euskal Herria, eta 3.436 lekuko hartze izango dira guztira.

Bi lagun lekukoa eramaten 23. Korrikan, Arratian, Bizkaian. AEK
Bi lagun lekukoa eramaten 23. Korrikan, Arratian, Bizkaian. AEK
gurutze izagirre intxauspe
2026ko martxoaren 18a
05:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen aldeko ekinaldi nazional handiena hastear da. Bihar, 15:30ean, Atharratzen (Zuberoa) emango ditu lehen pausoak, 2.180 kilometro osatu arte. Martxoaren 29an amaituko da, Bilbon, Euskal Herriaren luze-zabalean egunez eta gauez, etenik gabe, 460 herri iragan ostean. Guztira 3.436 lekuko hartze izango dira, inoizko parte hartzaileena izatea baitu helburu. Euskara Gara leloak batuko ditu parte hartzaile guztiak, euskararen egoeraren larriaz ohartarazi eta pizkundearen akuilu izan nahi baitu 24. Korrikak.

Horregatik eman dio testuingurua Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak: «Korrika ez dugu bizi gauza bakartu baten gisan. Abenduaren 27an Miribilla betetzetik gatoz. Orain, Korrika dator. Ekainean beste hitzordu bat dugu Iruñean, [Euskalgintzaren] Kontseiluak deituta. Bitartean, euskararen kontrako sententzia bat han eta bestea hemen. Nafarroan, D ereduaren aldeko borroka. Gizartean pil-pilean dagoen gaia da. Korrikarekin lortzen den indar hori kanalizatzea garrantzitsua da».

Korrikan ohi denez, aurrekoa amaitzen den lurraldean abiatu ohi da hurrengoa. 23. Korrika Baionan amaitu zen, eta, hargatik, Ipar Euskal Herrian abiatuko da 24.a, Zuberoatik hain zuzen. Bihar goizetik jai giroa nagusituko da Atharratzen. Korrika txikiaz gain, txaranga eta dultzainak izango dira besteak beste, jai giroa ipintzen. Herri bazkari baten ostean, 15:00etan ekinaldi nazional bat egongo da, eta 15:30ean abiatuko da Korrika Atharratzetik Maulerantz. 16:45ean dago aurreikusia Maulera iristea. Handik Nafarroa Behererantz egingo du. Donibane Garazira iritsiko da biharamuneko ordu txikietan: 02:50ean gutxi gorabehera.

Baxenabarretik hego-ekialderantz egingo du, hurrengo egunetan Erriberaraino iritsi arte. Hegoaldetik iparralderanzko bidea hasiko du gero, igande eguerdian Iruñera iristeko. Iparralderantz segituko du, eta martxoaren 24an Baionak hartuko du lekukoa. Biharamunean, 25ean, Donostian izango da goizean goizetik. Gipuzkoa zeharkatu ostean, ostiralean Gasteizera iritsiko da, eta, Arabako herriak pasatu ostean, Bizkaira sartuko da, igandean Bilbon izateko. Han jakingo da nork idatzi duen eta zer dioen 11 egunez eskuz esku ibiliko den lekukoak ezkutatzen duen mezu sekretua. 

«Azken hamar kilometroetan, hezkuntza eragileak, alderdi politikoak, sindikatuak eta bestelakoak bateratzen ditugu, zeren euskara salbatuko bada, euskarak aurrera egingo badu, guztiok eskutik goazelako gertatuko da hori»ANE ELORDI

 Korrikaren koordinatzailea

2.180 kilometroetan barrena 3.436 lekuko hartze izatea aurreikusi du AEK-k, parte hartzea ahalik eta zabalena izatea baitu helburu. «Gero eta gehiago gara, eta zatikatu egin dugu kilometroa gehiagoren artean egiteko, baina, era berean, Korrika elkarrekin egitera bultzatu dugu, eragileak bateratzera. Horregatik, guretzat garrantzitsua da, adibidez, azken hamar kilometroetan askotariko eragileak batzea. Hezkuntza eragileak, alderdi politikoak, sindikatuak eta bestelakoak bateratzen ditugu, zeren euskara salbatuko bada, euskarak aurrera egingo badu, guztiok eskutik goazelako gertatuko da hori. Hori da gure filosofia eta zabaldu nahi duguna».

Inurri lan handia dago Korrika bakoitzaren atzean. «Sare hain handi horri esker da posible Korrika. Bestela, ez zen posible izango Atharratzen egun baterako halako ekimen bat prestatzea lan boluntariorik gabe. Edo Bilboko amaieran ere, zenbat txandalari behar ote dira egun osorako? Halere, guk eutsi egiten diogu formula honi, zeren Korrika AEK-k antolatzen du, baina herriak bere sentitzen du. Bada modu bat parte hartzeko ez bakarrik lekukoa emanez, edo gure herritik pasatzen denean parte hartuz, baizik baita antolaketan ere».

Negu parteko hiru hilabetean 120.000 kilometro pilatu ditu Elordiren autoak Euskal Herrian batetik bestera ibilita. Hamaika eragilerekin egin dituzte bilerak haien babesa eta parte hartzea bilatzeko Korrikan, eta aurrera begirako konpromisoak zehazten ahalegintzeko: «Ea eragile bakoitzak zer egin ahal duen egoerari buelta bat emateko».

Korrikaren aplikazioa

Azken edizioetan gertatu den gisan, Korrikak aurten ere aplikazioa garatu du. Korrikaren jarraipen xehea egiteko aukera emango du. Aplikazioa deskargatuz gero, martxoaren 19tik 29ra Korrika noiz non dabilen zuzenean jakin ahal izango da furgonetaren geolokalizazioaren bidez. Korrikalariek une oro jakingo dute garaiz datorren edo berandu. Gainera, furgonetako zuzeneko irudiak emango dituzte.

Horrenbestez, Korrikan parte hartzeko deia egin du Elordik: «Modu asko daude Korrikan parte hartzeko. Izan ere, 24. edizioa hastear da, baina hasierako helburuak berak dira: AEK-k oraindik bere egitekoa aurrera eramateko baliabide ekonomikoak behar ditu, eta behar hori agerian utzi nahi izan dugu». Hain zuzen, alde batetik, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea; eta beste aldetik, AEKren eguneroko lana duintasunez aurrera eramateko dirua biltzea, Euskal Herri osoko biztanleak euskaraz eroso bizitzea baitu helburu, eta, horretarako, bitarteko ahalik eta gehienak eta duinenak jarri nahi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA