Euskaltzaleen egutegietan gorriz markatutako eguna heldu da: Korrikaren hasiera. Horren harira, Euskalgintzaren Kontseiluak mezu baten bidez euskaltzaleak animatu ditu AEKren lasterketan parte hartzera. Gogora ekarri du 1980an lehen aldiz antolatu zutenetik, euskaltzaleen «bultzadari esker» egin dela beti Korrika: «Oztopo guztien gainetik».
Euskararen aldeko lekukoa eramatea keinu ederra da. Baina keinuez harago, Korrikaren bidez euskararen aldeko ekintzak ere bultzatu behar direla gogoratu du. «Larrialdi linguistikoan gauden honetan, ez da aski euskararen alde egotea; ezinbestekoa da euskararen alde egitea», azaldu du. «Erabilera normalerako baldintzak eta ezagutzaren unibertsalizazioa egun hizkuntzaren normalizazioan berebiziko garrantzia duten erronkak dira, eta horien alde egin behar da».
«Jabetu gaitezen euskara minorizatutako hizkuntza dela, eta euskaldunak minorizatutako hiztunak». Horrek norbanako guztiei eskatzen dizkie ekintzak. «Egin dezagun euskaraz bizitzeko hautua, bizitzako eremu guztietan», esan du Kontseiluak. «Eta euskararen jabe ez bagara, egin dezagun ikasteko urratsa, eta eman diezaiegun euskara gure ondorengoei». Egitekoen zerrendan sartu ditu ere hizkuntza eskubideen urraketak salatzea eta euskara lehentasun sozial eta politiko bihurtzea. «Antolatu gaitezen euskaltzale gisa».