Amaitu da 24. Korrika. 11 egun, hamar gau, 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko hartze. Milaka eta milaka lagun. Jendez lepo Atharratzetik (Zuberoa) Bilborako bide osoa. Hori guztia antolatzen ibili dira, beste askoren artean, Ane Elordi (Zornotza, Bizkaia, 1991) Korrikaren koordinatzailea eta Lurdes Etxezarreta (Larrabetzu, Bizkaia, 1975) AEKren Nazio Kontseiluko kidea. Pozarren daude 24. Korrikak izan duen erantzunarekin. Korrika bukatu berritan erantzun dituzte galderak, astelehen goizean.
Esan duzue Korrika «masiboa» izan dela 24. hau ere. Amaitu berritan, zer-nolako balorazioa egiten duzue orokorrean?
ANE ELORDI: Goiz da oraindik zehaztasunetan sartzeko, baina sentsazioetatik-eta abiatuta, guretzat, erronka izan zen 3.436 lekuko hartze eskuragarri jartzea; erantzuna oso ona izan da. Bete dira, eta asko partekatu egin dira zenbait lekutan; orduan, argi dago jende askok babesten duela Korrika, eta igandeko irudiak ikustea besterik ez dago, Bilbo zelan bete zen, eta aurretik ere, egunez egun, izugarria izan da Korrikak lekukoaren atzetik eduki duen jende multzoa.
Korrikak ez du goia jo, beraz.
ELORDI: Hori betiko kezka da. Ezin da jakin, baina esan genezake ezetz.
Bilbon jendetza elkartu zen, eta argitu zen nor ziren mezugileak. Formatu berritzailea izan zen: zazpi lurraldeetako zazpi gazte, gazte euskaltzaleen izenean. Zergatik aldaketa?
LURDES ETXEZARRETA: Prozesua luzea izan da, eta hasieratik argi geneukan jende gaztea nahi genuela. Geure buruari egin genion galdera: «Guretzat, nor da 'euskara gara'?». Hainbat proposamen jarri genituen mahai gainean; Nazio Kontseiluko kideok eta Ane batu izan gara lanketa horiek egiteko. Gero, argi geneukan Euskal Herri osoa irudikatu nahi genuela; beraz, herrialde bakoitzeko bat izatea nahi genuen, eta nahi genuen ikusarazi euskararekiko lotura bakoitzak bere erakoa duela. Gainera, guretzat oso garrantzitsua izan da prozesua. Zazpi gazte izan dira, denek elkar ezagutzen ez zutenak: batzuek bai; besteek erreferentzia bakarrik zuten... Eskaini genizkien hainbat espazio, lanketa egin zezaten. Orduan, prozesuari berari eman nahi izan diogu garrantzia, eta uste dugu emango duela aukera aurrerantzean ere horrelako lanketetan jarraitzeko gazteekin zuzen-zuzenean. Pizkundearen gaia ere landu nahi genuen: lekukoa haiei eman nahi genien, eta haiekin batera edo beraiei jarraituz pizkundeari begira jarri.
Pizkundea aipatu duzu. Zuen mezuan ere egin zenuten pizkundearen aldeko deia, eta esan zenuten: «Ezin da euskararen etorkizuna borondate hutsaren esku utzi». Ordezkari politikoei eskatu zenieten babes politikoa eta juridikoa. Zein erabaki hartu behar dira lehentasunez?
ETXEZARRETA: Guretzat, lehentasuna da ezagutzaren unibertsalizazioan urratsak egitea, eta, horretarako, guretzat oso garrantzitsua da, helduen euskalduntzea lehen lerrora ekarrita, doakoa eta irisgarria izatea, eta horretan lanean jarraituko dugu. Gero, bestalde, erabilerarako espazioak lortzea, garatzea eta elkarrekin lotzea. Azkenean, erabiltzeko espaziorik ez baldin badago, nekez egingo dira urratsak euskararen normalizazioan eta biziberritzean.
Helduen euskalduntzea jarri behar dela erdigunean, ezta?
ETXEZARRETA: Bai. Azkenean, uste dut gure mezuan bi gai nagusi egon direla. Alde batetik, gazteena, eta pizkundeari begira jartzea; hau da, gazteak ekartzea lehen lerrora. Eta beste alde batetik, helduen euskalduntzea; uste dut hori Korrika osoan zehar jarri dugula mahai gainean, eta pizkundeari begira, estrategikotasuna aitortzea helduen euskalduntzeari, eta erakundeei eta ordezkari politikoei urrats sendoak eskatzen dizkiegu, estrategikotasun horren barruan, benetako erabakiak hartzeko eta baliabideak-eta eskaintzeko.
Korrika hasi bezperan piztu zen sua: AEK-k erabaki zuen CCOOko zuzendaritzak lekukoa ez eramatea. Argi izan al zenuten hasieratik?
ETXEZARRETA: Uste dut buelta eman behar zaiola esaldi horri; AEK-k ez du erabaki CCOOk ez parte hartzea. Guk, lehenik eta behin, zilegitasun osoa eman genion Argia-k argitaratu zuen ikerketa lan horri. CCOOkoekin bildu ginen, eta azaldu genien hor frogatutzat ematen genituen jokabideak ez zirela bateragarriak lekukoa hartzearekin; hori jarri genien mahai gainean, kezka hori adierazi genien, eta tarte bat eman genien, 24 ordukoa —justu greba orokorraren egunean izan zen hau guztia—, beraiek ere nolabaiteko hausnarketa egiteko ea egiten ari zirena bateragarria zen Korrikan parte hartzearekin eta, batez ere, lekukoa eramatearekin; haiek esan zuten ez zela bateragarria, ez zegoela baldintzarik lekukoa hartzeko, eta, beraz, ez zutela hartuko. Beren hausnarketa baten ondorioa izan zen, guk mahai gainean gure ustea eta kezka adierazi ondoren. Gero, gainera, bestelako ondorioak etorri dira: PSE-EEk esan zuen CCOO kanporatu genuela eta, horregatik, PSE-EEk ere ez zuela parte hartuko.
Espero al zenuten halako erabakirik?
ELORDI: Albo kalteak dira.
ETXEZARRETA: Hori da. Azkenean, uste dut irudiak ikusi besterik ez dagoela. Korrika hasi aurretxoan, arreta desbideratu zen gai honekin, baina bai igandean Bilbon eta bai Korrika osoan benetan ikusi dena eta argi geratu dena da badagoela herri bat, herri duin bat, nahi duena euskararen alde egin eta euskaraz bizi; beraz, beste batzuek hartu dituzten erabakiak eta egin dituzten urratsak beraienak dira.
Alegia, herritarrek egunotan argi eta garbi erakutsi dutela euskararen eta Korrikaren jarrera?
ELORDI: Bai, izugarria izan da beste behin. Uste dut Atharratzen mugarri historiko bat bizi izan genuela, Atharratzeko plaza ez baita horrela inoiz egon. Igandean Bilbokoa ere izugarria izan zen, eta, tartean, jendetza egon da leku guztietan, eta ez lasterketan bertan bakarrik; hortik aparte ere, munduan zehar zenbat Korrika egin diren, ekintza kulturaletara zenbat jende joan den...
Eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari batek Korrikan parte hartu du, 25 urteren ondoren.
ELORDI: Bai, historikoa izan da hori ere. Juan Jose Ibarretxe izan zen lekukoa eraman zuen azken lehendakaria, eta guretzat pozgarria da lehendakariak lekukoa hartzea eta Korrikan parte hartzea. Guk Euskal Herri euskaldunaren isla ikusten dugu Korrika; orduan, denok daukagu lekua bertan.
ETXEZARRETA: Bai, gu pozten gara, aurreko galderan aipatu ditugun horien beste aldean badagoelako herri bat, jende bat, eta hainbat eragilek bat egiten dutelako Korrikarekin, eta horietako bat, lehendakaria, eta bera bezala, Jaurlaritzako beste ordezkari politiko batzuk, beste alderdi politikoak... Hori beti ongi etorria da, noski.
Behin baino gehiagotan esan duzue 24. Korrikan: «Ez gara folklore, euskara gara». Mezu hori azpimarratzekoa iruditu zaizue?
ELORDI: Bai, badago kezka apur bat, Korrika jai giroko ekitaldi bat izatearena. Guk aldarrikapena lehen lerrora ekartzen dugu beti, baina hitzez esatea ere ez dago sobran, eta hortik dator hamabigarren egunarena ere: «Korrikara zatoz, Korrikan parte hartzen duzu, baina gero, zer?». Horri erreparatu gura diogu.
«‘Korrikara zatoz, Korrikan parte hartzen duzu, baina gero, zer?’. Horri erreparatu gura diogu»
ANE ELORDI Korrikaren koordinatzailea
Eta zer izango da hamabigarren egun hori?
ELORDI: Alde batetik, euskaltegiak zabalduko ditugu, erdal publikoari begira: apirilaren 22an eskola bat doan eskainiko dugu AEKren euskaltegi guztietan; izen ematea zabalik dago. Euskara eskuragarri jarri nahi diogu ezagutzen ez duen horri. Asko dira Korrikara hurbiltzen direnak, baina euskarara hurbiltzeko pausoa da garrantzitsuena. Gero, maiatzaren 21erako, mintzodromoak antolatu dira, euskararen inguruan hausnartzeko, praktikatzeko...
ETXEZARRETA: Bageneukan nolabaiteko kezka: Korrika amaitu eta gero, zer? Argi geneukan Korrikak sortzen dituen emozio, poz eta sentimendu horiek bazirela indarra bestelako konpromisoak hartzeko; orduan, guk konpromiso batzuk hartu ditugu herriarekin, gure zerbitzuak eta eskaintzak erakusteko, eta beste publiko bat erakartzeko gurera. Baina neurri berean nahi dugu bai Korrikan lekukoa hartu dutenek bai parte hartu duten eragile, talde eta norbanakoek ere hausnarketa egin dezaten eta konpromisoak har ditzaten.
Berriki bete ditu 45 urte Korrikak, eta argi esan zenuten: «Gezurra dirudi: 45 urteren ondoren, AEK behartuta dago Korrika egitera, 1980ko helburuekin». Noren ardura da hori aldatzea?
ELORDI: Helburuak bi dira. Euskararen sustapenean badugu ardura, eragileak garen heinean, eta horretan jarraituko dugu, baina egia da instituzioei dagokiela esku hartzea bigarren helburuan [baliabideak lortzea]: gurea nazio mailako erakundea da, eta tokian tokiko egoera hobetzea instituzioei dagokie.
ETXEZARRETA: Unibertsalizaziorako, ordezkari politikoei dagokie urratsak egitea irisgarritasunean eta doakotasunean, eta, zoritxarrez, jarraitu behar dugu Korrikak ematen digun diru bilketa horretan, gure lana duintasunez egiteko, euskaltegietan eskaintza ahalik eta zabalena eta irisgarriena izateko, eta, noski, Korrika behar dugu, instituzioek ez dutelako jartzen behar horiek asetzeko nahikoa diru.
«Zoritxarrez, jarraitu behar dugu Korrikak ematen digun diru bilketa horretan, gure lana duintasunez egiteko»
LURDES ETXEZARRETA AEKren Nazio Kontseiluko kidea
Bixente Claverie AEKren Nazio Kontseiluko kideak 23. Korrika amaitu berritan esan zuen 24. Korrikarako hobekuntza bat egon behar zela helduen euskalduntzearen arlo guztietan. Orain bi urtetik, egon al da horrelakorik?
ELORDI: A2ko finantzaketa berria da, adibidez. Ematen dira pausoak, eta Euskarabidearen diru laguntza ere handiagoa da, baina pauso txikiak dira. Eskatzen dugu benetan euskararen auzia auzi politikoa izatea, agenda politikoetan sartzea, eta lehentasuna ematea horri, ez unean uneko partxeak jartzea.
ETXEZARRETA: Beti baloratu izan ditugu ondo diru laguntza guztiak, zeren diru laguntzak daudenean, herritarrei erraztasunak ematen zaizkienean, herritarrak hurbiltzen dira euskaltegietara; hori argi eta garbi ikusten dugu urteroko gure matrikulazio datuetan. Doakotasunean urratsak egin dira, baina jendeak jarraitu behar du dirua aurreratzen, eta, gero, ez du Euskal Herri osoko mapa islatzen; herrialdearen eta herriaren arabera diru laguntzak-eta desberdinak dira. Horregatik, guk finantzaketa marko orokor bat eskatzen diegu instituzioei, horretan ere ez dadin desberdinkeriarik egon.
Eta zer espero duzue bi urte barruko Korrikarako?
ELORDI: Uste dut garrantzitsua dela ordura arteko bidea; Korrikatik Korrikarako lanketari heltzea da gakoa, eta bi urte barruko Korrika koska bat goragokoa izatea; jende kopuruan ez dakit, baina bai konpromisoan: alde egotea ez da aski, aldeko ekintzak egin behar dira.
ETXEZARRETA: Goiz da, baina balorazioetatik-eta beti ateratzen dira zer hobetuak; horiek guztiak kontuan hartu beharko dira hurrengo bi urteetan, 25.a ere arrakastatsua izan dadin, ahalik eta askotarikoena izan dadin, ahalik eta lekuko hartze gehien izan dezan...