Korrika, berez, AEKrena da; gehienbat hura arduratzen da antolaketaz. Baina Korrika, izatez, herriarena da. Herriak bere egin du. Eta, are, norberak du bere Korrika: baten batek egin dezake euskara sustatzeko, lagunekin ondo pasatzeko, haurrei euskararenganako maitasuna transmititzeko, ospatzeko... Eta baten batek egin dezake omentzeko, oroitzeko.
«Nire konpromisoa da Korrika pasatzen den aldiro kilometro bat erostea eta korrika egitea hura oroitzeko; hura omentzeko modu bat da». Pablo Indurain Perez bere anaia Danielez ari da hizketan. «Gurasoak erdaldunak ziren, eta, gainera, ia-ia erdaltzaleak». Baina bi anaiak artaldeko «ardi beltzak» atera. Pablo A ereduan ikasitakoa, eta, gerora, bere kasa euskaldundutakoa; Daniel, berriz, euskara euskaltegian ikasitakoa; oso maitea zuen Korrika, gainera: «Hainbat aldiz parte hartu zuen Korrikan, ez bakarrik lekukoa eramaten, baita Korrikako eskualdeko antolakuntzan ere. Korrikazale amorratua zela esan genezake».
Baina 2018ko uztailean hil egin zen, 35 urte betetzeko egun bat falta zitzaiola, moto istripu batean. «Korrikak sortzen duen zirrara hori oso berezia izaten da, eta, orain, Dani hil ondoren, pentsa: beste dimentsio bat hartu du honek guztiak». Harrezkero, Korrika izan den aldiro, kilometro bat erosi ohi du Pablok, anaia gogoan: «Hura omentzeko modu bat da, oso-oso harro nago eta; naizen honen erdia —balioei dagokienez, bidegabekerien aurkako borrokan, kontu sozialetan eta politikoetan...— berari zor diot». Eta, aldi berean, AEKri laguntzeko ere egiten du: «Modu polita iruditzen zait anaia omentzeko eta, aldi berean, ekonomikoki ekarpen bat egiteko, berak nahiko lukeen moduan Nafarroa euskalduntzen jarraitzeko». Halaxe egin du gaur ere, Irunberri inguruan (Nafarroa). «Daniri ‘eskerrik asko’ esateko modu bat da».
«Korrikak sortzen duen zirrara hori oso berezia izaten da, eta, orain, Dani [anaia] hil ondoren, pentsa: beste dimentsio bat hartu du honek guztiak»
PABLO INDURAIN PEREZ Lekuko eramailea
Pirinioetatik hegoaldera
Irunberrira heltzerako, baina, bestelako parajeetan ibili da 24. Korrika. Kilometrorik gehienak Nafarroan egin ditu, baina aurren-aurrenak Nafarroa Beherean; besteak beste, Donibane Garazitik pasatu da, eta Arnegitik sartu da Nafarroara. Goiza Pirinio inguruan pasatu du. Jendetzak egin dio ongietorria Otsagabian, Izaban, Erronkarin... Asko familian zubia pasatzera joandakoak. Beste asko bertakoak. Euskararen aldeko jarrera bada; alta, egunerokoan zailtasunak dituzte euskaraz bizi ahal izateko: Nafarroako Gobernuak eremu misto deiturikoan daude.
Erronkaribarko eta Zaraitzuko euskara teknikaria da David Lalana. Azaldu duenez, euskararen ezagutzaren inguruko datu zehatzik ez dute, baina Zaraitzun herritarren ia laurdenak euskaldunak dira, eta Erronkarin, %20 inguru. Eskola ari da euskaldunak sortzen: «Zaraitzun, Otsagabian dago eskola, eta ikasle guztiak D ereduan matrikulatu dira duela hamar-hamabi urtetik. A eta G ereduak desagertuta daude. Erronkarin, berriz, oraindik badaude A eta G ereduak, baina ikasle gutxi batzuk geratzen dira horietan. Horrek erakusten du familiek euskararen aldeko jarrera dutela».
Kalean dute erronka nagusia orain: «Ez daukagu daturik, baina erabilera txikia da». Despopulatzeak baldintzatzen ditu: Lalanaren arabera, Zaraitzun 1.300 biztanle daude erroldatuta, eta Erronkaribarren, 1.200. Baina saiatu saiatzen dira: «Zenbait lan arlo ditugu: administrazioa, hezkuntza, aisialdia eta kultura, merkataritza...».
Handik, hegoaldera egin du Korrikak: Zangozerrira lehenengo, eta Tafallaldera eguna bukatzerako. Euskara lekua irabazten ari da, tipi-tapa bada ere. Esaterako: aurten lortu dute D ereduko Batxilergoa Irunberrin; aurretik, euskaraz ikasten jarraitu nahi zuten Erronkariko, Zaraitzuko, Aezkoako, Agoizko eta Zangozako hamabost-hamasei ikasleek Iruñeraino joan behar izaten zuten, eta, askotan, ordubete baino gehiagoko bidea egin autoan, edo Iruñera bertara bizitzera joan. Baina jada ez. Ekhiñe Galbete da Irunberriko institutuko Batxilergoko koordinatzailea: «Lehendabiziko urtea da, eta oso ongi joan da. Inguru honetan beharrezkoa zen zerbitzu hori, eta familiek luzaroan eskatu dute. Familiak oso eskertuak daude, eta ikasleak ere pozik, etxean geratzeko aukera baitute». Euskaraz ikasteko aukera nabarmendu du ikasketaburuak, eta nola ari diren, tipi-tapa eskola bera ere euskalduntzen: «Orain dela zazpi urte guztiz erdalduna zen lanbide eskola. Goi mailako ziklo bat jarri zuten euskaraz; hortik bi-hiru urtera, erdi mailakoa; aurten, Batxilergoko lehen maila; eta datorren ikasturtean, bigarren maila».
Bihar Erriberak hartuko du Korrika: Tuteran izango da 09:00etan, Corellan 12:00etan, Milagron 15:00etan... Handik Lodosa aldera joango da.