Pausoak elkarrekin, Korrikatik harago

Aize Otaño AEK-ren Nazio Kontseiluko kideak nahi luke 24. Korrikak euskararen pizkunderako txinparta piztea. AEK-k prestatuak ditu Korrika amaitu osterako etxeko lanak ere: doako eskola ordu bat emango dute, eta mintzodromoak Euskal Herri osoan.

gurutze izagirre intxauspe
2026ko martxoaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arnasa estutu ohi da Korrikan, eta halaxe dago euskararen egoera bera ere, arnasa estututa. Horregatik dio Aize Otaño AEK-ko Nazio Kontseiluko kideak zera: «Hizkuntza politikan jauzi sendoa eta azkarra behar da, euskararen eta komunitatearen etorkizuna jokoan egongo baita bestela. Iruditzen zaigu denok ditugula erantzukizun partekatuak, eta elkarrekin pausoak emateko unea dela uste dugu». Urgentzia azpimarratu du: «Ezin dugu geroko utzi; urrats bateratuak eginez eragingo dugu». Hargatik dio zera: «Korrikak euskararen pizkunderako txinparta izan behar du, tresna bat horretan guztian eragiteko».

Milaka izango dira 19tik 29ra Atharratzetik Bilbora 24. Korrikan emango diren pausoak, Euskara gara lelopean milaka herritarrek bat eginda, baina harago iritsi nahi du AEK-k. Izan ere, Otañoren esanetan, «Korrika oso momentu estrategikoan dator euskararen biziberritzeari begira». Azterketa soziolinguistikoak erakusten dute normalizazio prozesuak geldialdian sartzen ari direla, atzeraldi arriskua ere handia dela, «eta orain arteko politikek eman dute eman beharrekoa». 

Diagnosian gutxi-asko bat datoz eragileak, AEK-k Korrika antolatzeko askotariko eragile politiko, sozial eta sindikalekin egin dituen hamaika bileretatik ondorioztatu duenez. «Guztiek bat egin dute 24. Korrikarekin; mezua bere egin dute, eta zabaltze lanetan ere asko lagundu digute. Guztiak egongo dira Korrikan, baina uste dugu hori ez dela nahikoa; pizkundeari begira beren ekarpena egiteko eskatzeko ere baliatu ditugu bilerak, nork bere esparruan zer ekarpen egin dezakeen pentsatzeko. Harrera ona izan dugu».

Euskara aterpe ireki eta eroso

Bada hedatu nahi duten beste mezu bat ere bihar abiatuko den Korrikan: «Euskara denontzako aterpe irekia eta erosoa da, Korrika zerbait kolektiboa eta kohesionatzailea da eta». Hargatik izan nahi du inoizko parte hartzaileena: «Berdin du zein den jatorria, azal kolorea, euskaren zer ezagutza duen… garrantzitsuena da guztiontzat lekua dagoela, eta guztion artean aurkituko dugula komunitate berdinzale eta zabal bat gizartean dauden zapalkuntza guztietatik babestuko gaituena».

Bestalde, gogora ekarri du AEK-k 45 urte daramatzala Korrika antolatzen hasierako helburu berberekin: batetik, euskararen aldeko kontzientzian eragiteko; baina bestetik, AEK-k Euskal Herri osoan normalizazioaren alde egiten duen lan hori duintasunez egin ahal izateko diru ekarpena jasotzeko. Normalizazio horretan estrategikoa da helduen euskalduntzea, eta Otañok eskatu du, halaber, botere publikoek lan horri aitortza egiteko.

«Euskara denontzako aterpe irekia eta erosoa da, Korrika zerbait kolektiboa eta kohesionatzailea da eta»

AIZE OTAÑO AEKren Nazio Kontseiluko kidea

Aldarriz betea abiatuko da, beraz, 24. Korrika, Atharratzen, izan ere, Otañok azaldu duenez, Basabürüa eskualdean «familia transmisioa eten egin da, kaleetan ez da euskara entzuten eta eskolan ere ez da transmititzen». Beraz, susperraldi batean eragitea du xede hor abiatuta; «gainera, 1985etik Atharratzek ez du Korrikarik ikusi», gogoratu du Otañok. 

2.180 kilometroz Euskal Herria zeharkatu ostean, Bilbora iritsiko da lekukoa, 29an. «Hiriburu erdalduna da, eta turismoak ere eragina du gaur egun; globalizazioari begirako hiri bat da. Euskararen uholdeak eta Korrikaren bueltan sortzen den herri aktibazio hori Bilbora eramatea ere garrantzitsua da; erakustea euskaraz bizi nahi duen komunitate bat badela», azpimarratu du.

Doako ikastordua eta mintzodromoak

Euskararen aldeko mezuez Euskal Herri osoa zeharkatu eta blaitu, eta gero zer? AEK-k eragileei eskatu dien gogoeta hori bera egin du, eta bi ekinaldi antolatu ditu. Lehenik, eskola ordu bat doan. Apirilaren 22an, euskaltegi guztietan doako eskola ordu bat eskainiko dute euskaltegiak ezagutzen ez dituztenak gerturatu daitezen komunitatera, bertatik bertara ikus dezaten zer egiten den. Eta bigarrenik, mintzodromoak antolatuko dituzte Euskal Herri osoan, maiatzaren 21erako, erabileran eragiteko: «Askok ez dutenez espazio erosorik euskara erabili ahal izateko, mintzodromoak antolatuz espazio horiek eskaini nahi ditugu».

Bihar abiatuko den edizioa, beraz, testuinguru jakin batean dator: euskararen etorkizunari bultzada bat ematea du xede, Korrikak irauten duen 11 egunez harago, Euskara gara leloa gorpuztuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA