Eguna argazkitan
20:40, Zangotza
Lehenik Zangotzaldeko industria gunetik pasa da Korrika eta bertan parte hartu dute paper lantokiko beharginek. Burdinezko zubira iritsi aurreko uneetan suhiltzaileek hartu dute lekukoa, kaskoak buruetan. Gero, besoak goian zituztela zeharkatu dute zubia.
Zangotzak beso zabalik jaso gaitu! Zubiak eraikitzen euskara transmititzeko, eskuz esku eta ahoz aho pasatzeko! #Zangotza ere #EuskaraGara! #24KORRIKA pic.twitter.com/itsKjjowQi
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 20, 2026
Hortik aurrera Aragoi ibaia gainezka doanean bezalakoa izan da Zangotzako Korrikaren igaroaldia. Ez zen atzealderik somatzen. Bi Haizetara euskara taldeak, ikastolako ikasleek eta haur eta lehen hezkuntzako gurasoek parte hartu dute. Jendetza zegoen korrika zein alboetan.
Berriro zubia zeharkatuta, Korrika Oibarrerantz zuzendu da. Handik 21:30 aldera pasako da, eta ondoren Eslabarantz joango da. Nafarroa erdialderantz jarraituko du. Tafallatik 01:45 aldera pasako da eta ordubete beranduago, Erriberritik. Handik hegoalderantz zuzenduko da, Erriberarantz. Tuterara 09:00etan iristea espero da. Hirugarren egunean ere, Nafarroan barna ibiliko da Korrika.
20:10, Ledea
Neska txiki batek gidatuta, sartu da Korrika Ledean. «Ledean ere, euskara gara!», kantuka. Lekukoa metro gutxira pasa diote elkarri. Herri txikia da, eta horrenbestez askok partekatu dute une batez euskararen aldeko mezua esku artean izatea. Txalapartarien doinuak entzun dira. Bailarako beste herrietako biztanleak ere bertan izan dira. Zangozaldean barrena doa Korrika, Zangotzarantz.
18:45, Irunberri
«Irunberrin ere, euskararen alde!». Mantso-mantso, piano-piano sartu da Korrika Irunberrin, baina kaleetan barneratu ahala, giroa berotu da eta emozioa borborka jarri da. Herriko lanbide eskolako irakasleek hartu dute lekukoa eta gero Zintzur euskara taldeko kideak, tartean haurrak. Adin txikiko ugari ikusi dira lasterkarien artean. Alde Zaharreko karrika estuetan barneratu ahala, furgonetak ezin izan du jarraitu, eta korrikalarien atzetik zihoan kameralariak grabatu ditu irudiak. Arangoitik ikastetxeko bi ikaslek hartu dute lekukoa, ondoren gurpildun aulkietan zihoazen hiru emakumek. Gero, Askagoiti elkarteak. Irunberrik harrera berezia eta hunkigarria egin dio Korrikari.
Harrera beroa Irunberrin! #24KORRIKA #irunberri #EuskaraGara pic.twitter.com/EydQw4C5NB
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 20, 2026
Eguzkia aurki ezkutatuko da, baina Korrikak aurrera jarraituko du Zangorantz.
18:05, Domeñu
Domeñu zeharkatu du jada Korrikak, herriko eta bailarako biztanle ugari atzetik zituela, tartean Usunekoak. Domeñu zeharkatuta Gure hizkuntza, gure herria dioen kartelari helduta aurrera egin dute, Irunberrirantz. 19:00ak baino lehen iristea espero da.
#Domeñu atzean utzita, bagoaz #Irunberri ra! Azken eguzki izpiak ez dira itzaltzen zuekin #24KORRIKA pic.twitter.com/UoyKw3yZp8
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 20, 2026
16:35, Nabaskoze
Burgi eta Nabaskoze arteko hamalau kilometroak maldan gora eta behera egin behar izan dituzte lekukoaren atzetik aritu diren korrikalariek. Besteak beste EHNEko kideek eta Barañaingo, Segurako, Leioako eta Gasteizko taldeek hartu dute lekukoa.
24.KORRIKA🏃| Barañaingo lagunek Korrikako lekukoa hartu dute 251. km-an Nabaskoitzetik Domeñurako Bidean
— Hamaika Telebista (@HamaikaTb) March 20, 2026
Jarraitu Korrikaren zuzenekoa eta eduki guztia Hamaikan!
👉 https://t.co/5trYBhye38#korrika #euskara #nabaskoitz #euskaragara pic.twitter.com/3osjGtc0OV
Nabaskozera iritsi arteko azken kilometroak maldan behera izan dira, eta herrira sartu aurretik handitzen joan da jende multzoa. Bengala pare bat piztu dituzte, eta, herrira sartzean, jendetza bildu da. Herritik irtetear zirela, suhiltzaileek bere sirenekin ongietorria egin diote lasterketari. Agoizko eskolako eta institutuko ikasleek korrika egin dute, baita Longidako gazteek ere. Gero, Longidako Udaleko ordezkariek. Domeñura bidean doaz. 18:00ak aldera iristea espero da.
14:55, Burgi
Burgira ere iritsi da Korrika, eta harrera izugarria izan du. Ondoren, Nabaskozetik, Irunberritik eta Zangozatik igaroko da. Burgiko Udaleko langileek hartu dute lekukoa, eta gogoz abestu dituzte Korrikaren kantu ohikoak. Hamabost minutu inguruko atzerapenarekin iritsi da.
13:45, Erronkari
Urzainkitik pasatu ostean, heldu da Korrika Erronkarira. Erronkariko eskolako familiek eta langileek eraman dute lekukoa. Mauleko eskolako kideek kutxa bat eman die mezu batekin Erronkariko eskolakoei, euskaraz bizitzeko konpromisoa eta Erronkari euskalduntzeko lana aitortzeko. Gainera, Gardeko herritarrak Erronkarira etorri dira, eta lekukoa hartu dute.
🏃♀️24. KORRIKA | #Korrika Erronkaritik pasa den unea
— Hamaika Telebista (@HamaikaTb) March 20, 2026
Ikusi eta deskargatu zure kilometroaren bideoa 👇
🔗 https://t.co/OM9GKyBE9Q pic.twitter.com/GgR9IhjDnT
Gipuzkoatik joan dira euskaltzale batzuk Erronkari eta Burgi arteko bidera, lekukoa harro eramateko. Asteasutik, Hernanitik, Oiartzundik eta Oñatitik joan dira. Alegiako erraldoien konpartsa ere iritsi da Gipuzkoatik. Oñatikoekin batera Durangoko lagun talde batek hartu du lekukoa. Bidankozeko herritarrek ere parte hartu dute.
13:00, Izaba
Sekulako harrera egin dio Izabak Korrikari. Izabako Udaleko kide batek du orain lekukoa, eta herritarrak haren atzetik doaz. Beste herrietan bezala, jende mordoa batu da Korrikan, euskararen alde daudela ozen oihu egiteko.
Ikaragarria izan da Izabakoa. Ehunka eta ehunka pertsonak egin dute oihu: "Izaban ere euskararen alde". @berria pic.twitter.com/QnwHfu73UR
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 20, 2026
12:30, Uztarroze
Berrehun kilometro egin ditu 24. Korrikak. Itzaltzutik doan bide luzea egin ostean, heldu da 24. Korrika Uztarotzera. Dozenaka lagunek parte hartu dute bidean, eta beste hainbeste batu dira Uztarrozen. Euskal Herriko hainbat tokitako jendea batu da Korrikan; adibidez, dimoztar eta goizuetar batzuk.
Bidean zehar, Xaiki eta Otxanda talde feministetako kideek hartu dute lekukoa, Nikok maitasunez betetako musu eman dio lekukoari, eta Otsagiko dantzariek dantza egin dute lekukoa hartzean.
Otsagiko dantzariek kalejira gorpuztu digute, tarte batez #24KORRIKA pic.twitter.com/MIWtEVZqho
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 20, 2026
Ia hogei minutuko atzerapena du Korrikak.
10:45, Itzaltzu
Itzaltzura heldu da Korrika, eta, Zaraitzuko beste herrietan bezala, gogotsu hasi dira korrika itzaltzuarrak. Lehenengo, Itzaltzuko Udalak hartu du lekukoa; ondoren, furgonetako kideek 24. Korrika pasatuko ez den herriak gogoratu dituzte: Espartzako, Sartzeko, Ibiltzietako eta Orontzeko herritarrek hartu dute lekukoa.
Oraintxe Izaltzun da Korrika. @berria pic.twitter.com/0eAQmoleqW
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 20, 2026
Itzaltzura iritsi aurretik, Gartxot ekimeneko bi kidek eraman dute lekukoa.
@Gartxot_Ekimena ere gurean dugu! Zuen auzolanarekin negu gorririk ez! #24KORRIKA #Zaraitzu bailaran barrena dabil! pic.twitter.com/ZQt69CCBtH
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 20, 2026
10:25, Otsagabia
Geroz eta jende gehiago biltzen ari da Korrikan. Sekulako giroa dago Otsagabian, eta haurrak dira protagonista nagusi. Ordua ona da, eta eguraldia ederra. «Zaraitzun ere euskararen alde!» harro abestu dute korrikalariek eta espaloian begira ari diren herritarrek.
10:15, Ezkaroze
Zortzi minutuko atzerapenarekin iritsi da Korrika Ezkarozera, baina bizkor doaz korrikalariak. Herriko haur eskolako ikasleek hartu dute lekukoa eta pankarta. Ikurrinak, Nafarroako banderak eta Palestinakoak ikusten dira euskaltzaleek sortu duten ilara amaigabean.
🏃🏽♀️➡️ 2️⃣ Bigarren eguna du Korrikak. Goizaldean igaro da Donibane Garazitik, eta Pirinioetan dabil; oraintxe, Ezkarotzen da. @berria pic.twitter.com/D1Fy4HQCt3
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) March 20, 2026
9:30, Jaurrieta
175 kilometro egin ditu 24. Korrikak Jaurrietatik irtetean. Haurrak, helduak, herritar guztiak gozatzen ari dira 24. Korrikan. Geroz eta herritar gehiago batu dira lasterketara, eta herritarrek pozez daramate lekukoa. Ehun euskaltzale inguruk bete dute Jaurrietatik Ezkarozera doan errepidea, eta furgonetatik etengabe eskatzen ari dira errai bakarra erabiltzeko.
8:55, Abaurregaina
Gogoz igo dute euskaltzaleek Abaurrepeatik Abaurregainara doan aldapa. «Egun on!» oihu eginda esnatu dituzte herritarrak. Noizean behin jauzi egiteko eskatzen diete furgonetatik korrikalariei, esnatzen lagunduko baitie. Orain, Jaurrietarantz doaz. Abaurregainako eta Mezkiritzeko Udaleko kideek eraman dute lekukoa.
Egun on Abaurregaina⛰️#24KORRIKA pic.twitter.com/qx1l6agv9Q
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 20, 2026
8:30, Abaurrepea
Zerua argitu da, eta ederki ikusten da lekukoa. Gustura ari dira korrika Abaurrepeako herritarrak. «Gora Pirineoa euskalduna!», oihukatu dute korrikalariek. Besteak beste, Irati Irratiko, Gure Aizpea emakume elkarteko eta Azkoako kultur elkarteko kideek eraman dute lekukoa.
4:30, Nafarroara sartu da Korrika
24. Korrika Nafarroara iritsi da, eta gogoz ospatu dute nafarrek. Luzaideko Bolantak dantza taldeko kideek hartu dute lekukoa, eta dantzan hasi dira lekukoa hartzean.
Nafarroara iritsi da #24KORRIKA eta LUZAIDEKO BOLANTAK izan ditugu ongi etorria egiten❤️🔥#EUSKARAGARA pic.twitter.com/ZwEbXpeyFq
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 20, 2026
3:00, Donibane Garazi
Lehen gauean igaro du 24. Korrikak Donibane Garazi. Ehundaka euskaltzale esnatu dira «Euskara gara» dioen pankartaren atzean korri egiteko. Maulen izan zen atzo, eta gaur iritsi da Korrika bigarren hiriburura. Hurrengo hiriburua Iruñea izango da, igandean.
Donibane Garazira bidean Baigorriko ikastolak hartu du lekukoa #24KORRIKA pic.twitter.com/tH75brv8n3
— AEK-KORRIKA (@AEK_eus) March 20, 2026