Atharratzetik (Zuberoa) Bilbora, 24. Korrikak bidea egingo du Euskal Herriko errepideen barrena. Baina ez da ibilbide ofiziala bakarrik izango, ikastetxeetan barrena ere egingo baitu bere ibilbidea. Izan ere, AEK-k gaur goizean aurkeztu ditu 24. Korrikaren inguruan sortu dituen unitate didaktikoak, bat ikastetxeetan erabiltzeko eta bestea euskaltegietan.
Eskolako materiala Euskal Herriko ikastolekin batera ondu dute, eta adinaren arabera sailkatu: Haur Hezkuntzatik (Xingi-Xango atala) Bigarren Hezkuntzara eta Batxilergora (Tarrapataka atala). Maila bakoitzerako hamabi jarduera prestatu dituzte, eta azkenengo mailarako —Tarrapataka—, hamalau. Gainera, Euskal Gorrak elkartearekin elkarlanean, zenbait material prestatu dute, entzuteko zailtasunak dituzten ikasleek erabili ahal izateko
Euskaltegietarako materiala, berriz, hizkuntza mailen arabera sailkatu dute: A1 mailatik C1era. Material hori AEKren Didaktika Sailak sortu du, eta nabarmendu dute material bat prestatu dutela bereziki entzumen arazoak dituztenentzat.
Euskaltegietarako berariaz sortu dituzten jarduerak hauek dira: Badator 24. Korrika!, 24. Korrikaren ibilbidearen jolasa eta Korrika historian. Adierazi dutenez, azken hori bereziki egokitu dute hezkuntza arruntean zailtasunak izan ditzaketenentzat.
Informazio guztia Korrikaren webgunean dago eskuragai.