24 urteko espetxealdia ezarri diote Rebeca Huayta hil zuen gizonari

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko epaileak 22 urteko zigorra ezarri dio hilketa delituagatik, eta beste bi urtekoa «ohiko tratu txarrengatik».

Akusatuak lehen unetik onartu zuen Rebeca Huayta hil zuela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Akusatuak hasieratik onartu zuen Rebeca Huayta hil zuela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ion Orzaiz - Maite Asensio
2024ko maiatzaren 7a
13:00
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 24 urteko espetxe zigorra ezarri dio Rebeca Huaytaren hiltzaileari: 22 urte, hilketagatik beragatik, eta beste bi, «ohiko tratu txarrengatik, genero indarkeriaren esparruan». Gizonak 2022ko abenduan hil zuen Huayta, eta aurtengo apirilean epaitu zuten. Prozesuaren hasieran, akusatuak onartu egin zuen hilketa, eta herri epaimahai batek erruduntzat jo zuen. Ordutik, zain izan dira alde guztiak, zigorra noiz erabakiko. Fiskalak, akusazio partikularrak (familiak) eta herri akusazioek (Bilboko Udalak eta Clara Campoamor elkarteak) 28 urteko espetxe zigorra eskatua zuen, eta defentsak, berriz 14 urtekoa.

Gaur heldu da erabakia: auzitegiko magistratuak 24 urteko zigorra ezarri dio Huaytaren hiltzaileari, epaimahaiak frogatutzat jo baitzuen gizonezkoa «azpikeriaz eta ankerkeriaz» aritu zela; hau da, biktimak ez zuen aukerarik izan bere burua defendatzeko, eta erasotzaileak «beharrezkoa ez zen sufrimendua» eragin zion. Epai hori oinarritzat hartuta, magistratuak ontzat jo ditu ahaidetasunaren eta genero aldagaiaren larrigarriak, eta aringarri bakarra onartu dio: aitortzarena. Horrez gain, erasotzaileari bost urtez zaintzapean aske egoteko zigorra ezarri dio —kartzelaldia bete ostean aplikatuko zaio—, eta biktimaren alabari 90.000 euroko kalte ordaina pagatzeko beharra.

2022ko abenduaren 28ko goizaldean gertatu zen hilketa, Bilboko San Frantzisko auzoan, biktimak lantoki zuen tabernan. 45 urte zituen emakumeak, eta 44 gizonak; biak Boliviakoak ziren jatorriz. Bikote harremana zuten, eta elkarrekin bizi ziren. Fiskaltzaren eta akusazioen arabera, «menderatze eta kontrol erlazio bat» zen, eta andreak moztu nahi izan zuenean hil zuen akusatuak.

Kamerak eta perituak

Zigorraren gaineko ebazpena orain heldu arren, kasua argi egon da hasieratik, epaiketaren lehen egunean bi delituen egilea zela aitortu baitzuen akusatuak. Egiletzari buruzko zalantzarik ez da izan, beraz, eta delitu moldeari buruzkoak ere, oso gutxi. Zigorraren zenbatekoa ezartzeko tenorean, magistratuak aintzat hartu ditu akusatuaren konfesioa eta epaimahaiaren erabakia, baina baita «ahozko saioan aurkeztutako frogak ere». Hala, epaileak uste du froga sendoak daudela «erruduntasun epaiaren oinarri gisa erabiltzeko». Ebazpenean, magistratuak dio auzi medikuen peritu ikerketak eta tabernako segurtasun kameren irudiek ez dutela zalantzarako betarik uzten: «Akusatua izan zen emakumearen heriotza eragin zuen erasoaren egilea».

Frogatutzat jo du, halaber, gizonak «ezustean» eraso egin ziola Huaytari: «Tabernako kameraren irudietan ikus daiteke erasoa gertatu aurretik biak solasean ari zirela, lasai eta espanturik egin gabe, eta, bat-batean, gizonak emakumea lurrera bota eta arrastaka eraman zuela sukaldera».

Epaiketan deklaratu zuten perituek ere argi utzi zuten akusatuak krudelkeriaz hil zuela Huayta: lurrera bota zuen, kolpeak eta ukabilkadak eman zizkion; aizto batez sastakatu zuen buruan, lepoan eta sabelaldean, eta kristalezko objektu apurtu batekin eraso zion aurpegian; eta eskuekin itotzen ere saiatu zen. Auzitegi medikuek «hamazortzi zauri larri» atzeman zituzten gorpuan, baita zauri arinagoak eta ubelduak ere. Ordubete baino gehiago iraun zuen erasoak, eta odolustuta hil zen emakumea.

Magistratuak eta epaimahaiak ez dute frogatutzat jo akusatua alkoholikoa zenik, ezta erasoa gertatu zenean mozkor zegoenik ere: «Inork ez du ukatzen gau hartan alkohola edan zuenik edo koka hostoak mastekatu zituenik, baina ez da frogatu, inondik inora, horrek eragina izan zuenik; ez behintzat aringarri gisa onartua izateko adinakoa».

Tratu txarren delituari dagokionez, ebazpenean frogatutzat jotzen da gizonezkoak sarritan jotzen zuela emaztea, haren bizitza kontrolatzen zuela, eta beste sententzia bat duela delitu berarengatik.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren epaia ez da irmoa, eta aldeek helegitea aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.