"Europan pertsonen salerosketaren aurka egindako operazio garrantzitsuena" egin dute Nafarroan eta Bizkaian. Guardia Zibilak 25 pertsona atxilotu ditu, Tuteran, Bilbon, Barakaldon, Santurtzin, Portugaleten eta Sestaon egindako sarekadetan. Horrez gain, hamalau etxe eta lokal miatu dituzte. Atxilotuei hainbat delitu egozten dizkiete; besteak beste, antolakunde kriminaleko kide izatea, gizakien salerosketa eta dirua zuritzea. Emakumeak —oro har nigeriarrak— Europara ekarri eta, bidaian egindako zorraren aitzakian, haiek prostituziora behartzea leporatzen diete.
Poliziak jakinarazi duenez, Bizkaian hamabost emakume atzeman eta "askatu" dituzte sarearen lokaletan; guztiak adindunak dira. Gobernuz kanpoko erakundeen esku utzi dituzte. Atxilotuen artean, aldiz, gizonak eta emakumeak daude; Torrevellara (Alacant, Herrialde Katalanak) eraman dituzte, hango epaitegi batek koordinatu duelako esplotazio-sarearen aurkako operazioa.
Sareak, izan ere, mundu mailan jarduten zuen. Interpolek koordinatu du haren aurkako sarekada, eta, Euskal Herriaz harago, Herrialde Katalanetan, Espainian eta Erresuma Batuan ere egin dituzte miaketak. Poliziaren arabera, Tuteran atxilotutako gizona ei da antolakundearen "burua". Denera, 89 lagun atxilotu dituzte, eta 300.000 euroren balioa duten aktiboak eta bankuko kontuak blokeatu dituzte. Operazioa oraindik "erabat itxi gabe" dago.