Gizartea

25 urteko mutil gazte bat atxilotu dute Benito Mujika lasartearra hil zuelakoan

Ertzaintzaren arabera, lapurreta egiteko hil zuen: 40 euro ebatsi zizkion. Abuztuaren 16an hilotz aurkitu zuten 60 urteko Mujika Lasarten, bere etxean. Hainbat labankada zituen gorputzean.

2008ko irailaren 12a
16:42
Entzun
25 urteko mutil donostiar bat atxilotu du Ertzaintzak joan den abuztuaren 16an Benito Mujika 60 urteko lasartearra hiltzea leporatuta. Polizia iturrien arabera, lapurreta egin nahi ziolako hil zuen gazte horrek Mujika, eta, ondoren, koltxoi bati su eman zion hilketa ezkutatzeko.

Iragan abuztuaren 16an aurkitu zuten Mujikaren hilotza, Lasarten (Gipuzkoa), bere etxean. Gaueko hamaikak aldera sutea sortu zen etxe horretan, eta bizilagunek ohartarazita larrialdi zerbitzuetako kideak joan zirenean 60 urteko gizonaren gorpua aurkitu zuten. Hasiera batean istripuaren susmoa izan bazuten ere, laster ohartu ziren hilotzak indarkeria zantzuak zituela, besteak beste, bederatzi labankada. Halaber, aurpegia estalita zuen eraso egiten zioten bitartean garraisi egin zezan eragozteko.

Odol arrastoak zituen aiztoa aurkitu zuen Ertzaintzak etxean, ustez hilketa egiteko erabili zutena. Laban horretan aurkitutako hatzmarkak eta DNA arrastoak erabakigarriak izan dira 25 urteko mutil gaztea atxilotzeko.

Polizia iturriek zehaztu dutenez, Mujikak berak gonbidatuta joan zen ustezko hiltzailea haren etxera, eta biktimaren azken dei eta mugimenduak ikertuta iritsi dira harengana. Dagoeneko espetxeratu dute ustezko hiltzailea.

Mujika oso ezaguna zen eskubaloi munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.