Ertzaintzak 26 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Bilboko Alde Zaharrean, sexu eraso bat egitea egotzita. Ertzaintzaren arabera, andre baten aurka oldartu zen gizonezkoa, eta taberna bateraino segika ibili zitzaion. Han, ukituak egin zizkion.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, tabernako bezeroek larrialdietara hots egin zuten 22:45 aldera, sexu erasoa salatzeko. Ertzainek han bertan atxilotu zuten gizona, eta polizia etxera eraman zuten. Epailearen aurretik igaroko da gaur. Emakumea Basurtuko Ospitalean artatu zuten.