26 urteko kartzela zigorra ezarri diote masajista bati, hiru neska adingaberi sexu erasoak egiteagatik

Donostiako masajistak 2021ean egin zizkien sexu erasoak neskei: 13 urtekoa zen bat, 14koa beste bat eta 15ekoa beste bat.

Epaimahaia, epaia irakurri aurretik, gaur. JUAN HERRERO / EFE
Epaimahaia, epaia irakurri aurretik, gaur. JUAN HERRERO / EFE
jakes goikoetxea
2025eko azaroaren 5a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak guztira 26 urteko kartzela zigorra ezarri dio Donostiako masajista bati, 13 urteko neska bati, 14ko bati eta 15eko beste bati sexu erasoak egiteagatik. Auzitegiak gaur goizean jakinarazi du epaia.

Hamalau urteko kartzela zigorra ezarri dio 16 urtetik beherako bi neskari sexu erasoak egiteagatik —zazpi urte delitu bakoitzagatik—, hamar urtekoa 16 urtetik beherako beste neska bati sexu eraso jarraitua egiteagatik eta bi urtekoa ziberjazarpen sexualagatik. Kartzelatik ateratakoan zaintzapean egon beharko du hamazazpi urtez, eta ezingo da neskengandik 500 metro baino gutxiagora hurbildu. 40.000 euro ordaindu beharko dizkie: 20.000 euro bati, eta hamarna mila gainontzeko biei.

Irailean egin zuten epaiketa. Fiskaltzak eta akusazio partikularrek 45 urteko kartzela zigorra eskatu zuten masajistarentzat. Zigortua berehala espetxean sartzeko eskatu dute gaur.

«Tentsioa arintzeko»

Masajistak 2021. urtean egin zituen sexu erasoak. Masajeak emateko zentro bat zuen Donostian. Neskak bere semearen eta bikotekidearen alabaren lagunak ziren. Gizonak bere burua eskaini zien neskei masajeak eman eta «tentsioa arintzeko».

Neskei mezuak bidaltzen hasi zen telefono aplikazio batzuen bidez. Pixkana-pixkana konfiantzazko harreman bat sortu zuen haiekin, eta neskek masajeak hartzea onartu zuten. Zigortuak, epaiaren arabera, neskei tentsioa arintzeko aitzakian, «behatzak sartzen zizkien baginan eta bularrak ukitzen zizkien, bere bulkada sexualak asetzeko asmoz».

Gipuzkoako Auzitegiak balioa eman die hiru nesken lekukotzei. Nabarmendu du bertsio berari eutsi diotela auzia hasi zenetik: «Epaiketan, hiru kaltetuen aitorpenak argiak, sendoak eta zalantzarik gabeak izan ziren, eta haien artean bat etorri ziren akusatuak izan zuen jokabideari buruz». Horrez gain, gehitu du epaiketan berretsi egin zela neskek esandakoa, hau da, baieztatu egin zela zigortua zela neskekin telefono bidez harremana izan zuena —epaiketan ukatu egin zuen—.

Epaia ez da irmoa eta helegitea aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Defentsak jada esan du helegitea aurkeztuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.