Emakumeen kontrako indarkeria

28 urteko gizonezko bat atxilotu dute Ondarroan, emaztea telefono hariarekin itotzen saiatzea egotzita

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, ia konortea galtzeraino estutu zion lepoa. Erasoak aspalditik jasaten zituela eta lehenago ere salatu zuela agertu du emazteak.

2008ko apirilaren 7a
11:08
Entzun
28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizean Ertzaintzak Ondarroan (Bizkaia), emaztea jotzea eta telefono hariarekin itotzen ahalegintzea leporatuta.

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, atzo goizean atxilotu zuten,bikotearen alaba zaharrenak ama jipoia jasaten ari zela esateko Ertzaintzara deitu ondoren. Biktimak azaldu duenez, gaua kanpoan igaro ondoren goizean joan zen gizona etxera, mozkortuta. Hori dela eta, eztabaidan hasi ziren, eta gizonak aurpegian kolpeka eraso zion. Halaber, telefono hariarekin lepoa estutu zion, ia itotzeraino. Konortea galtzear egon zen emakumea.

Hiru seme-alaba adingabeak erasoaren lekuko izan ziren, eta alaba zaharrenak Ertzaintzari deitu zion gertatzen ari zenaren berri emateko. Hain zuzen ere, alabak Ertzaintzara deitu zuela esan zionean utzi zion gizonezkoak emaztearen lepoa estutzeari.

Atxilotzeko unean gizonak erresistentzia handia jarri zuela adierazi du Ertzaintzak.

Emazteak, berriz, ubelduak ditu aurpegian, ezpaina ebakita, eta ustez telefono kableak utzitako marka lepoan. Erasoak aspalditik jasaten zituela agertu zien ertzainei, eta lehenago ere salatu zuela senarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.