Gasteizko Ricardo Buesa kalean gertatu da hilketa, hirugarren portaleko etxebizitza batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman du gertaeraren berri, eta azaldu du hiltzaileak labana bat erabili duela andrearen kontra.
Arratsaldeko seiak pasatxo zirela gertatu da. Kale horretan ibilian zihoan Ertzaintzaren patruila batengana gerturatu da gizonezko bat, 34 urtekoa, eta esan die emaztea hil duela, 29 urtekoa.
Gizonak esandako lekura joan dira ertzainak, eta emakume gaztearen gorpua aurkitu dute han. Ustez hilketan erabilitako labana ere atzeman dute. Joan direnerako emakumea hilik zen, eta larrialdi zerbitzuek ezin izan dute besterik egin.
Emakundek ohar bat plazaratu du jazoeraren harira, eta gaitzespena agertzeko deia egin die herritarrei. Gasteizko Udalak talde politiko guztiekin adostuta, elkarretaratze bat egingo da datorren asteartean udaletxe aurrean, 12:00etan, eta bertan izango da Emakundeko zuzendaria, Izaskun Landaida.