30 urtera arteko zigorra eskatu dute Bilbon homosexual bat hiltzeaz akusatutako gizonarentzat

2021eko urrian 77 urteko gizon bat hiltzea eta hari lapurreta egitea egotzi diote. Antzeko beste kasu batzuengatik zigortuta eta auzipetuta dago akusatua, baina ukatu egin du gizona hil izana; absoluzioa eskatu du defentsak.

Hainbat gizon homosexual hiltzeaz akusatutako gizonaren aurkako laugarren epaiketa hasi da gaur, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Hainbat gizon homosexual hiltzeaz akusatutako gizonaren aurkako laugarren epaiketa hasi da gaur, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko maiatzaren 13a
18:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laugarren aldiz epailearen aurrean eseri da gaur Bilbon hainbat gizon homosexual hiltzeaz akusatutako gizona. Oraingoan, 2021eko urriaren 5ean 77 urteko gizonezko bat hiltzea eta haren kontutik 3.000 euro lapurtzea egotzita epaitzen ari da Bizkaiko Lurralde Auzitegia. 16 eta 30 urte arteko zigor eskaerak egin dituzte fiskalak eta akusazioek, baina delitu guztietatik errugabetzea galdegin du defentsak. Izan ere, herri epaimahaiaren aukeraketaren ondoren, akusatuak deklaratu egin du gaur, epaiketaren lehen saioan, eta bere bertsioari eutsi dio: ukatu egin du delitu horien egilea denik eta, are, biktima ezagutu zuenik ere.

Oraingo auzibidean hilketa kasu bakarra epaitzen ari diren arren, gainerako kasuen epaien eta ikerketen oihartzuna Bizkaiko Lurralde Auzitegiko 2. aretora iritsi da; eta aldeek, gainera, ez dute halakorik eragotzi nahi izan. 29 urte ditu N.D.M.B.-k, eta 2022ko maiatzetik dago kartzelan, bere burua Irungo (Gipuzkoa) polizia etxean entregatu zuenetik. Gutxienez bost gizon hiltzea eta beste bi hiltzen saiatzea leporatzen diote akusatuari, eta 37 urteko kartzela zigorra ezarria du jadanik. Fiskalaren eta akusazioen tesiaren arabera, akusatua jendea ezagutzeko aplikazio baten bidez jartzen zen harremanetan biktimekin, haien etxean geratzen ziren sexu harremanak izateko, han eraso egiten zien, eta biktimak konorte gabe edo hilda zeudenean, haien sakelako telefonoaren bidez diru transferentziak egiten zituen bere kontuetara.

37

Zenbat urteko zigorra ezarri dioten akusatuari beste auzietan. Hiru kondena jarri dizkiote akusatuari orain arte: 25 urte gizon bat hiltzeagatik, hamar urte beste gizon bat hiltzen saiatzeagatik, eta bi urte eta erdi iruzurragatik. Beste lau auzi ditu zabalik: hiru, hilketagatik —uda osterako aurreikusita daude horietako bi epaiketa—, eta laugarrena, hilketa saiakeragatik.

Auzi honetan ere antzera jokatu zuen, fiskalak eta akusazioek esplikatu dutenez. 2021eko urriaren 5ean, arratsaldean zehar, gizon homosexualentzako Wapo aplikazioaren bidez, biktimarekin harremanetan jarri zen, eta bere argazki bat ere bidali zion; biktimaren Bilboko etxean sexu harremanak izateko geratu ziren 20:00ak aldera. Bertan, akusatuak bizkarrez eraso zion gizonari, «espero ez zuenean eta haren konfiantzaz abusatuz», eta ito egin zuen; fiskaltzaren idatziak dio ezin dela zehaztu nola hil zuen, baina akusazioek uste dute besoarekin lepoa inguratuz ito zuela —teknika horrek ez du ia aztarnarik uzten—. Ondoren, biktimaren hatz markak erabili zituen haren sakelako telefonoan online bankura sartzeko eta bere kontu batera 2.000 euroko transferentzia bat eta 1.000 euroko beste bat egiteko.

Hasierako bertsioari eutsita

Defentsak, ordea, uste du ez dagoela frogarik egiaztatzeko akusatua biktimaren etxean egon zenik, eta are gutxiago gizona hil zuenik. Auzipetuak delitu ia guztiak ukatu ditu beti, eta hasierako jarrerari eutsi dio gaur ere. Bere abokatuaren galderei erantzunez, azaldu du hiru lagunek eskaini ziotela halako «lapurretetan» parte hartzea, eta bera kreditu txartelez arduratzen zela; beste auzibideetan ere ezin izan dituzte lagun horiek identifikatu eta aurkitu, eta defentsak esan du ihes eginda daudela. Hala, auzipetuak ukatu egin du biktima ezagutu zuenik, mezurik bidali zionik eta non bizi zen zekienik; bere argazkia lagunetako batek bidaliko zioela esan du. Bere kontura transferitutako diruaz, berriz, adierazi du ez dakiela zer gertatu zen.

«Neure burua entregatu nuenetik esan dut pagatuko dudala egin nuenagatik, baina ez egin ez nuenagatik; esaten ari ziren hura guztia ez nuen egin», berretsi du. Eraso bat egin izana soilik onartu du, 2023an epaitu zena: gizon bat hiltzen saiatzeagatik hamar urteko kartzela zigorra jarri zioten; gizonak erasoari aurre egitea lortu zuen, eta akusatuak ihes egin behar izan zuen, biktimaren etxean utzita, besteak beste, bere pasaportea. Biktima baten etxera joan den aldi bakarra izan zen hura, akusatuaren arabera, eta gertatutakoaren ondorioz «izutu» egin zen: «Sentitu nuen behartu egin nindutela egindakoa egitera... gizona lokartzera. Ez nuen hil nahi».

Kasu hura epaituta dago, baina hari buruz gaur adierazitakoa esanguratsutzat jo du Saul Castro herri akusazioko abokatuak, kazetariei egindako adierazpenetan: «Gaur esan du ez duela inoiz Wapo aplikazioa erabili, baina kasu hartan erabili zuela egiaztatua du epaiak; baita besoarekin itotzeko teknika erabiltzen dakiela ere». Herri epaimahaiari aurreko sententziak helaraztea onartu dute alde guztiek. Herri akusazioaren arabera, «jokabidea» identifikatzeko: «Badago modus operandi komun bat, gutxienez zazpi gizonen kasuekin lotuta; ez dira gertaera bakanak».

Aldea zigor eskaeretan

Beraz, akusatuak delitu horiek egin zituen ala ez ebatzi beharko du herri epaimahaiak. Epaiketak datorren asteartera arte irautea espero da, eta hala, epaimahaiko kideak asteazkenean hasiko lirateke deliberatzen. Gizona erruduna dela ebatziz gero, ondoren epaileak erabakiko du zer kondena ezarri, zigor eskaeren arabera. Eta hor badago aldea, delitu nagusiaren kalifikazioaren arabera: fiskalak uste du giza hilketa bat izan zela, eta akusazioek, berriz, erailketa, hau da, aurrez prestatutako hilketa. Hala, fiskaltzak hamasei urteko kondena eskatu du: hamahiru urte giza hilketagatik, eta hiru iruzurragatik. Akusazio partikularrak —biktimaren familiak— eskatu du zigorrik handiena, 30 urtekoa: 25 urte hilketagatik hainbat larrigarrirekin, eta beste bost urte iruzurragatik.

Gehitu elkarteak bideratutako herri akusazioak, berriz, 28 urteko eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatu du, erailketaren delituari diskriminazioaren larrigarria erantsita. Saul Castrok argudiatu duenez, sexu joeragatik aukeratu zuen biktima: «Soilik gizon homosexualek erabiltzen duten aplikazio batean sartu zen, sexu kontaktu gisara aurkeztu zuen bere burua, eta ideia horrekin biktima engainatu zuen; diskriminazioz hautatu zuen, biktimaren etxera sartu ahal izateko». Erantsi du LGTBI pertsonek horrelako sozializazio eremuetara jotzen dutela «leku publikoetan zailagoa zaielako jendea ezagutzea», eta halako aplikazioak «seguruak» direla bermatu behar dela: «Gune horiek bidegabeki erabiltzen dituztenek zigor egokia jaso behar dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA