Ekainaren 25ean 31 urteko gizon bat atxilotu zuen Poliziak Trebiñun (Araba), 16 urtetik beherako hiru adingaberi sexu erasoak egitea egotzita; gaur eman du Guardia Zibilak atxiloketaren berri. Zehaztu dutenez, IKOHAN operazioaren barruan egin zuten atxiloketa, Arabako Guardia Zibilaren Polizia Judizialen Unitateko pertsonen aurkako delituak taldeak.
Trebiñuko herritar baten deiari esker abiatu zuten operazioa: emakumeak Poliziari erran zion 30 urte inguruko gizon bat adingabeekin egoten zela maiz, eta opariak eskaintzen zizkiela. Halaber, andreak erran zien gizon horrek berak sexu askatasunaren kontrako delituaren aurrekari penalak izan ahal zituela.
Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta Trebiñun eta Gasteizen erregistroak egin ondoren, gizona atxilotu zuten: 16 urtetik beherako hiru adingaberi sexu erasoak egitea leporatzen diote. Gizona behin-behinean espetxeratzeko agindu zuen epaileak.