Hala ere, euskara ikasteko asmoz programa horretara hurbiltzen den EBtik kanpoko etorkin kopurua hazten ari dela nabarmendu du Madrazok, eta, beraz, baikor izateko arrazoiak daudela azpimarratu du.
Ildo horretatik, zerbitzu hori eman eta zabaltzen aitzindariak herri txikiak izan direla agertu du Azkarate Kultura sailburuak, dituzten ezaugarriengatik gune horietan errazagoa delako ekimenaren berri ematea. Nolanahi ere, denborak aurrera egin ahala programa zabaldu eta sendotzea espero duela erantsi du.
Guztira 83.520 euro erabili ditu Jaurlaritzak EBtik kanpoko etorkinak euskalduntzeko programa hori aurrera eramaten, eta aipatutako bi sailek, Kulturak eta Gizarte Gaiek, jarri dute dirua.
Euskara eskoletan dabiltzan etorkinen artean gehienak, %62, emakumezkoak dira. Jatorriaren arabera, sailkatuta, berriz, Latinoamerikakoak (%65) dira gehienak. Magrebetik eta Europa Ekialdetik iritsitakoak dezente gutxiago dira. Guztira 54 herrialdetako jendea ari da ikastaroetan parte hartzen.
EBtik kanpoko etorkinak euskalduntzeko programa 2004an jarri zuen martxan Jaurlaritzak. Urte hartan 8 ikastaro abiatu ziren. Iaz, berriz, laukoiztu egin zen antolatu ahal izan zen ikastaro kopurua: 32 izan ziren guztira, eta 21 herritan eman ziren.
Hizkuntz normalizazioa