33 abelburu hil dira Karrantzan izandako sute batean

Hondarribian ere sua piztu da. Kanpina hustu dute, eta hogei etxetako bizilagunak atera dituzte.

Hondarribian izandako sutea. BERRIA
Hondarribian izandako sutea. BERRIA
jakes goikoetxea
2025eko azaroaren 14a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi sute izan dira azken orduetan Euskal Herrian: bata Karrantzan (Bizkaia), abeltzaintza ustiategi batean; bestea Hondarribian (Gipuzkoa), Higer inguruan. Karrantzakoan 33 abelburu hil dira; Hondarribikoan hogei etxetako bizilagunak etxeetatik aterarazi dituzte.

Karrantzako sutea 03:00ak aldera piztu da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez. Ustiategiaren jabeek eta inguruko bizilagunek aziendako 40 abelburuetatik zazpi atera dituzte bizirik. Ez da pertsonarik zauritu. Oraindik ez dute zehaztu zerk sortu duen sua.

Suhiltzaileek kontrolpean hartu dute sua, baina bertan daude oraindik, suak berriro indarra hartu ez dezan.

Hondarribiko sutea. BERRIA

Hondarribian, berriz, sutea piztu da herritik itsasargira bideko mendi magal batean, Higer Bidean. Inguruko etxeetatik oso gertu piztu da sua, eta hasieran indar handia hartu du. Kanpina, baserri bat eta hogei etxebizitza hustu dituzte, EITBren arabera, eta itxi egin dute kanpinera iristeko bidea. Haizeteek sua indartu eta zabaldu egin dute. 

Sua 06:00ak aldera piztu da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta suhiltzaileen arabera. Irungo, Zarauzko eta Ordiziako suhiltzaileak joan dira sua itzaltzera. Kontrolpean izan dute 08:45etik, baina haizeak haien lana zaildu du. Itzali dute. Hala ere, suhiltzaileek bertan jarraitzen dute, lurra bustitzen, berriro surik ez pizteko. Suteak mendiko hiru hektarea erre ditu.

Igor Enparan Hondarribiko alkatearen arabera, lehen hipotesietako bat da haizeak argindar dorre bat bota duela eta horrek eragin duela sutea. Goizeko ordu horretan inguruan jende asko zegoela zehaztu du; tartean, baita ehizarako postuen zozketa egiten ari ziren ehiztariak ere. «Arriskutsua izan da». Etxeetatik aterarazi dituzten bizilagunak bueltatu dira haien etxeetara. Eutsi egingo diote alerta egoerari, «sua guztiz itzali arte eta haizeak beste suteren bat sortzeko arriskua bertan behera geratzen den arte».

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak nabarmendu du suhiltzaileek azkar erantzun dutela. Sutea ikusgarria izan dela eta beldurra eragin duela gehitu du: «Etxe asko daude eta jende asko bizi da bertan. Zorionez, ez da inor zauritu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.