36ko kolpe militarraren eta diktaduraren biktimak oroitu dituzte Irunen

Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen. Hiria bonbardatu zuteneko kontakizuna osatzeko ikerketa bat egin dute Aranzadik eta Antxeta Irratiak, udalarekin elkarlanean.

nerea intxausti
2026ko irailaren 5a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain 90 urte gertatu zen. Faxistek Irun (Gipuzkoa) suntsitu zuten 1936an, eta ekitaldi bat egin dute bonbardaketa hura gogoratzeko. Diktaduraren zenbait biktima eta haien senideak elkartu dira Almudena Grandes plazan. Oroimen ekitaldi instituzionala eta lore eskaintza egin dituzte, plazan dagoen monolitoaren ondoan. Iragarri dute ikusgai egongo direla berrogei irudi hiri guztian zehar: horietan alderatu ahal izango da Irungo zenbait eraikin eta kale nola zeuden 1936an eta gaur egun. 

Izan ere, hiriko udalak hil bete ekintza antolatu du bonbardaketaren urteurrena oroitzeko: hitzaldiak, antzezpen historikoa, argazki erakusketak… Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du, faxistek Irun hartu zuten eguna oroitzeko. Cristina Laborda alkateak nabarmendu duenez, «kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitzeko eta omentzeko» helburuz ezarri dute eguna. «Memoria demokratikoak gure iragana ezagutzen lagundu behar digu, baita oinarrizko eskubideen aldeko konpromisoa indartzen ere, hiriko bizikidetzaren ardatza baitira», erantsi du.

Egitasmoen artean bada ikerlan sendo bat: Aranzadi zientzia elkarteak eta Antxeta irratiak ikerketa bat egin dute orduko kontakizuna osatzeko: Irungo bonbardaketen inguruko txostena (1936ko abuztua-iraila). Irungo Udaleko Memoria Demokratikorako arloak urtero eskaintzen dituen diru laguntzei esker osatu ahal izan dute. 

Gertatu zen guztia azaltzeko

1936ko abuztuaren 9an hasi ziren Alemaniako eta Italiako abiazioaren bonbardaketak, eta abuztuaren 20tik aurrera sistematikoak bilakatu ziren «itsasoz, airez eta lurrez», Irati Zuriarrain Aranzadiko ikerlariak asteazkeneko prentsaurrekoan azaldu zuenez. Zuriarrainek azaldu zuen ehunka bonba jaurti zituztela egun horietan, eta irailaren 4a heldu orduko bonbardaketek, hiria hondatzeaz gain, hustu ere egin zutela kontatu zuen: «Bederatzi mila irundarrek ihes egin zuten Hendaiara». 

Argitu zuen bonbardaketak ez zirela eraso puntualak izan, ezta soilik interes militarrekoak ere. Tren geltokia, gasolina biltegia, errepideak, merkatua, etxebizitzak... suntsitu zituzten. Kontatu zuen, inpaktuaren bidez txikitzea baino, suak piztea ere bazela asmoa, eta, funtsean, beldurra eragitea: «Erabateko gerraren atariko froga izan zen Irungoa, Gernikako bonbardaketa mugarri historikoa bada ere», ziurtatu zuen. 

Aranzadiko Javier Buces historialariak azaldu zuen ikerlanaren helburua dela jendearen sufrimendua kontatzea: «Gerora berrogei urteko diktadura baten biktima izan zirenek sufritu zuten indarkeria jaso nahi genuen». Gertatutakoa argitu eta biktimen eskubideak defendatzea ezinbestekotzat dauka «egia, justizia eta erreparazioa lortzeko». 

Historialariak argi du Irungo suntsipenaren irudi sinplifikatu bat eraiki zela gerora. Sarraski hura estaltzeko ahaleginak egin zituzten faxistek, baina bertako eta atzerriko kazetarien dokumentazio ugari topatu dute, baita altxamendu faxistaren agiriak ere. Bereziki hauek izan ditu Zuriarrainek informazio iturri.

Antxeta irratiak, berriz, ikerketaren dibulgazioa egingo du: bonbardaketei lotutako bost podcast landuko ditu, eta dokumental bat aurkeztuko du azaroan. Aitziber Zapirain irratiko koordinatzaileak prentsaurreko hartan bertan argitu zuenez, irrati elkarte komunitario gisa, informazioa eskaintzeaz gain, «funtzio eta ardura sozial bat ere» badute. Haien helburua da belaunaldi berriengana iristea, «garaituen eta garaileen logikatik aldenduta», eta gertatutakoa modu zientifiko batean oinarrituz kontatzea. Hamar urte daramate horretan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA