Energia berriztagarriak

4.000 lagunek energia berriztagarrien lurralde plana atzera botatzeko alegazioak aurkeztu dituzte

Jaurlaritzak, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari hasierako onarpena eman, eta alegazioak aurkezteko 45 eguneko epea jarri zuen maiatzean. Plan horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 110 zentral eoliko eta parke fotovoltaiko kokatzea aurreikusten zuten.

Euskal Herria Bizirik-en kontzentrazioa energia berriztagarrien LPSaren aurkako alegazioak aurkeztearen harira. JAIZKI FONTANEDA
Sara Iriarte Lasa
2023ko uztailaren 20a
16:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Lurraren defentsan, Euskal Herria Bizirik plataformak jakinarazi du 4.000 bizilagunek, elkartek eta udalek Arantxa Tapiaren sailak bultzatutako LPS Lurralde Plan Sektoriala atzera botatzeko eskatu dutela. Horrez gain, gaur egun izapidetzen ari diren eskala handiko zentral eolikoen eta parke fotovoltaikoen proiektuak gelditzeko eskatu dute. Hainbat udalek, naturaren aldeko taldek, nekazari elkarte zein sindikatuk, gizarte kolektibok eta plan honek zuzenean eragiten dieten bizilagunek alegazio dokumentu sakonagoak aurkeztu dituzte, honako gai hauek azaltzeko.

Euskal Herria Bizirik-en ustez, aurkeztutako alegazio dokumentuak izandako babesak erakusten du erantzun sozial «zabala» eman dutela. Horri dagokionez, salatu dute Eusko Jaurlaritzak udalen eta aldundien parte hartze publikoa «gutxitzeko» asmoa izan duela, alegazioak aurkezteko epea udal eta foru hauteskundeen aldiarekin batera eman duenez gero.

Euskal Herria Bizirik plataformak alegazioak aurkezteko ekitaldia egin du gaur Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, Arantxa Tapiaren sailak ezarri nahi duen plana ezesteko eskatzeko. Alegazioa aurkeztu dutenek uste dute plan horren helburua dela energia eolikoaren eta fotovoltaikoaren makroproiektuen abiatzea «bizkortzea». Horrekin batera, salatu dute energia enpresa handiei eta inbertsio funtsei «mesede» egiten dien eredu bat «bultzatzen» duela, lurralde, gizarte eta ingurumen inpaktu «handiak» eraginez.

Alegazioen arabera, LPSa bateraezina da naturaguneak, basa espezieak, biodibertsitatea eta korridore ekologikoak babesteko araudiekin. Planaren Ingurumen Azterlan Estrategikoaren arabera, kokaleku eolikoek eragingo luketen inpaktua «gogorra» izango da, «basa faunaren zuzeneko hilkortasuna» eragingo lukeelako. Horrez gain, uste dute korridore ekologikoen, floraren eta paisaiaren gaineko eraginaren ondorioz «ingurumen eraldaketa nabarmena» eragingo lukeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.