Istripu larria gertatu da gaur goizean AP-15 autobidean, Erriberri parean (Nafarroan). Auto batek eta kamioi batek talka egin dute, eta ezbeharraren ondorioz Donostiako 41 urteko emakume bat hil da.
Andrea gidatzen ari zela, haren autoa lerrotik atera eta kontrako noranzkoan zetorren kamioi bat jo du. Tokian bertan zendu da. Kamioiaren gidaria, berriz, arin zauritu da, eta larrialdi zerbitzuek ezbeharra izan den lekuan artatu dute. Istripuaren ondorioz, beste bi autok ere talka egin dute, baina ez da inor zauritu.
Suhiltzaileak eta anbulantziak joan dira istripua gertatu den tokira, baita helikoptero bat ere. AP-15 errepidea itxi egin dute hegoalderako noranzkoan, 11:00ak arte, eta gero errei batetik bideratu dute trafikoa. Guardia Zibilak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.