Jakin genuenean «betiko mediku taldeak» ez zuela parte gehiagorik emango Franco hila zelako jada, pozez lehertu beharrean, sumatu nuen bazegoela halako bulkada bat ekiteko eta aktibismoari gogotik lotzeko. Hain zuzen, hala gertatzea espero genuen. Francok botere handia eduki zuen, eta absolutismo suntsigarri kriminal batez erabili zuen, baina joana zen oztopo hura. Kaudilloa gabe, gauzak aldatu egingo ziren. Eta segituan hasi zen erregimenaren krisia. Lehendik zeukan krisia baino are larriagoa. Hasia zen, beraz, erregimen frankistak irautearen kontrako borroka latza. Diktadoreak esan omen zuen dena lotua utzi zuela, ederki lotua. Francoren bizitza doilorra gogoan erabiltzen dudanean, Lluis Llachen kanta bat datorkit akordura, bi hilabete eta erdi geroago idatzi zuena, Gasteizen martxoaren 3an izandako biktimen oroigarri: «Arrazoien hiltzaile, bizien hiltzaile. Ez dezazuela atsedenik izan egun batez ere, eta heriotzakoan segika izan ditzazuela gure oroimenak... Hiltzaileak!».
Handik hamabost egunera, abenduaren 5ean eta 8an, Emakumea Askatzeko I. Jardunaldiak egin ziren Madrilen. Nazio Batuen Erakundeak sustatuta, Emakumearen Nazioarteko Urtea izan zen mundu osoan: emakumeen eskubideen aldeko ekitaldi asko eta askotarikoak egin ziren, atzerrian batez ere. Esan beharra dago feminismoari zegokionez Espainiako Estatuak ez zituela betetzen gutxieneko demokratikoak, eta emakumeak ez zituztela jotzen pertsona eskubideduntzat. Eskubideak izateko eskubidea eztabaidagai zen. Emakumeak bigarren sexua ziren.
Hala, diktadorea hil eta berehalaxe, baina horrekin zerikusirik ez zuela, prozesu geldiezin bat hasi zen antolatzeko eta borroka feminista egiteko. Mugimendu erradikal eta autonomo bat agertu zen, kontzesiorik egiten ez zuena, diktaduraren egitasmo erreformistei aurre egiteko prest, eta leku guztietan proiektu feministaren alde aritzeko prest. Gogoan dut atertu gabe aritu zela mugimendua: ehunka batzar, taldeak han eta hemen, eztabaida suspergarriak egin eta egin, panfletoak, mintzaldiak, pankartak, manifak... Plazara ateratzeko bidean, estropezuka ibili zen mugimendua. Pertsonala politikoa da leloa bizimodura ekarri nahian, auzitan jarri genituen, errotik, familiaren esparru estuak, eta emakumeen kondizioa askatzeko moduko ereduak imajinatzen eta mamitzen hasi ginen. Borroka hura gustura asko lotu genuen 68ko mobilizazioetatik ikasi genuenarekin. Sexu askapena, hain zuzen, feminismoak nahitaez landu beharreko gaia zen. Erregimen politiko gisa diktaduraren kontra egindako borrokak politizatu egin zuen feminismoa ere, hausturaren aldeko barrikadan jartzeraino.

Mugimendu hark zer indar zuen pentsatzen dudanean, gogora ekarri behar dut emakumeen existentziak eta eguneroko bizimoduak zer esan nahi zuen frankismo bortitz haren garaian. Nazional-katolizismoaren paliopean gauzatzen zen menderakuntza patriarkala. Inposizio katoliko patriarkal eta frankistak eredu jakin batez moldatu nahi zituen neskak eta emakumeak: neska sumiso eta etxezuloak izango ziren, eta gero emazte eta ama bihurtuko ziren, familiaren horma estuen barrenean. Ezkontza betiko zen; seme-alabak, berriz, jainko hark nahi zuen adina; estatu faxistak fabrikatik eta tailerretik urrun edukitzen zituen emakumeak, etxeko lanetan ari zitezen: haien eginbeharra, etxekoandre izatea... Soldata baten truke lan egiten zutenak, berriz, gizonak baino baldintza kaskarragoetan aritzen ziren, eta, maiz samar, gizonezko langileek edo ugazabek jazarri egiten zieten. Emakumeren bat arautik apartatzen bazen, arbuioa erabatekoa zen: soziala, morala eta legala. Emakumeentzako kartzela zigor espezifikoa ezarrita zegoen adulterio, abortu eta prostituzio delituetan. Sekzio Femeninoaren eta mojen babes eta tutoretzapeko barnetegietan sartzen zituzten gizartearentzat arriskutsuak omen zirenak, hau da, lesbianak zirenak edo ziruditenak, mari-mutilak, adulteroak, prostituzioan aritzeko arriskuan zeudenak eta prostitutak, ama ezkongabeak. Nazional-katolizismoak bere armiarma sarea zuen. Hain maltzurra, non, emakumeak txikitzeaz gainera emazte eta ama bihurtu arte —hori baitzen emakume izateko molde naturala—, zilegi zitzaion emakumeek etengabe zaindutako seme-alabak erailtzea, espetxeratzea, giltzapetzea, torturatzea, armadarako eta erlijiorako errekrutatzea, eta basaki zapaltzea. Poztuko ez ginen, ba, eta ederki ospatu diktadorea hil izana eta erregimena eraisteko argi izpi bat ikusi izana? Gogotik borrokatu ginen. Hil edo bizikoa zen, bai horixe.
Begoña Zabala Gonzalez (Santiago, 1950) abokatu eta militante feminista da. Txiletik Getxora (Bizkaia) heldu zen txikitan. Deustuko Unibertsitatean lizentziatu zen zuzenbidean, eta abokatu laboralista gisa jardun zuen 1970eko hamarkadan. Bizkaiko Emakumeen Asanblada sortzeko prozesuan parte hartu zuen. 1977an joan zen Iruñera, eta han Nafarroako Koordinakunde Feminista eratu zuten, hain justu, abortatzeko eskubidearekin lotuta. Gerora, Emakume Internazionalistak ere sortu zuen.