50 urteko zigor eskaera Zamiraren hiltzailearentzat

Urtea hasi zenetik, sei gizonezko atxilotu dituzte Nafarroan, emakumeen aurkako indarkeria egotzita

Saiz eta Caballero, atzo, genero indarkeria kasuei aurre egiteko itunen aurkezpenean. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARP.
Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatu du 2009an Irunen (Gipuzkoa) eraildako Yasmin Zamiraren bikotekide ohiarentzat. Besteak beste, hilketa, hilketa saioa, mehatxu larriak, indarkeria eta errepideko segurtasunaren aurkako delituak egozten dizkiote.

Duela bi urte jazotako erasoan labana batez hil zuen bikotekide izandako Zamira, denbora luzez hari jazarri ostean. Gatazka konpontzera joandako gizonezko bati ere oldartu zitzaion erasotzailea, eta hainbat labankada eman zizkion bularraldean eta bizkarrean.

Oraindik ere, genero indarkeria kasuek ez dute etenik; urtea hasi zenetik, sei gizonezko atxilotu dituzte Nafarroan emakumeen aurkako indarkeria egotzita, Nafarroako Gobernuak aditzera eman duenez.

Kasu berriena igandean gertatu zen, Zarrakaztelun: 49 urteko gizonezko batek bere bikotekide ohiarekiko zeukan urruntze agindua hautsi zuen. Bizilagun batek eman zion abisu Foruzaingoari; gizonezkoak zigor aurrekariak zituen tratu txarrengatik.

Bizilagun batek ohartarazi zuen Foruzaingoa asteazkenean ere, Corellan gertatutako erasoan. Emakumeak salaketa ipini zuen gizona oldartu zitzaiolako, eta urruntze agindua eskatu zuen.

Urtarrilaren 2an, berriz, Aranguren ibarrean atxilotu zuten gizon bat, emazteari eta alabari tratu txarrak ematea egotzita.

Urtarrilaren 1ean, Ribaforadan, 21 urteko gazte batek bere bikotekideari eta beste emakume bati egin zien eraso. Iruñean, 24 urteko gizon bat bikotekideari oldartu zitzaion kalean, eta Izarbeibarren, emakume batek salaketa jarri zuen, bikoteak hitzez eta fisikoki eraso egin ziolako.

Espainiarekin «elkarlana»

Nafarroako eta Espainiako gobernuek bi akordio sinatu dituzte genero indarkeriari modu bateratuan aurre egiteko. Atzo aurkeztu zituzten itun horien oinarriak Nafarroako presidenteorde Javier Caballerok eta Elma Saizek, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak. Hartara, Foruzaingoak arlo horretan Espainiako Poliziarekin lan egingo du, eta indarkeria sexistagatik zigortutako gizonentzako hezkuntza programak adostu dituzte, espetxe zigorra saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.