Kasuek gora egin dute beste behin ere Hego Euskal Herrian, eta 500 kasuren langa gainditu da dagoeneko. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi dute 538 kasu atzeman dituztela azken orduetan, atzo baino 119 gehiago. Bizkaian, 300 positiboren langa gainditu da: 311 kasu detektatu zituzten, apirilaren 23tik herrialde horretan atzeman den kopururik handiena. Kasu gehienak Bilbon azaldu dira azken egunotan, baina azken orduetan koska bat gora egin dute kasuek, eta 200era hurbildu dira: 173 kasu atzeman dituzte. Nafarroan ere kasuen igoera izan da: 110 kasu izan dira azken orduetan, atzo baino 29 gehiago. Gipuzkoan, 74 positibo izan dira; Araban, 38; eta erkidegotik kanpo, beste bost.
Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak atzo adierazi zuen "bigarren olatua" dela hau, eta kutsatuen gorakadak "kezkagarriak" direla. Datozen egunetan kasuak ugaritu egingo direla iragarri zuen sailburuak, eta ospitaleratze gehiago egongo direla. Azken orduetan, bikoiztu egin dira ospitaleratzeak: hogei pertsona ospitaleratu dituzte; udako agerraldiak hasi zirenetik ospitaleratze gehien izan den eguna izan da. Oraintxe, beraz, 103 pertsona daude Hegoaldeko erietxeetan birusaren ondorioz. Horietako hamabi ZIU zainketa intentsiborako unitateetan daude.
Egunotan egiten ari diren PCR proba masiboen emaitzak ere jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak. Urdulizko ospitalean (Bizkaia) 801 test egin dizkiete osasun langileek Erandioko Goikoa batzokian izan zirenei, eta horietatik 5ek eman dute positibo. Gaur, beste 253 proba egingo dituzte. Bestalde, Donostiako Okendo kultur etxean gaur goizean hasi zaizkie testak egiten Gros auzoko Ramuntxo Berri tabernan izan zirenei. Gaur eta bihar 1.450 PCR test egingo dituzte.