Lilatoia

5.000 emakume baino gehiago elkartu dira Lilatoian, parekidetasunaren alde

'Itzaletik argira' lelopean, bost kilometroko ibilbidea egin dute Donostiako erdigunetik.

Donostiako Kursaal zubia, lasterkariz beteta, gaur, Lilatoian. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
2018ko martxoaren 4a
08:31
Entzun

Urterik urte, handitzen ari da Lilatoia emakumezkoen lasterketa. Generoen arteko parekidetasuna aldarri, festa eta elkartasun giroan, 5.240 emakume irten dira lasterka. Iaz baino 439 gehiago.

29. Lilatoia izan da aurtengoa eta, beste behin ere, giro alaiean osatu dute ibilbidea parte hartzaileek, emakumeenganako gizarte diskriminazioa salatzeko; hain justu, Euskal Herriko mugimendu feministak martxoaren 8rako deitu duen emakumezkoen grebarako lau egun besterik falta ez direnean.

Sare sozialetan argazki ugari zabaldu da, lasterketan izan den giroaren erakusle. Askok egin dute lasterketa taldeka, lagun nahiz familia artean. Horien artean, BERRIAko hainbat emakumezko langilek.

Musikarik eta dantzarako aukerarik ez da falta izan, Malen Aldalurrek Irutxuloko Hitzarako kontatu bezala.

Goierriko hiru ikastolek izan dute talde partaidetzarik handiena.

Lasterketa Lorea Ayala donostiarrak irabazi du, 18 minutu eta 7 segunduko denborarekin. Bigarren lekuan iritsi da Marina Gonzalez (18:19) eta hirugarren izan da Izaro Rubio (18:24). Gazteen mailan, Ane Elzaurdia nagusitu da (19:51), eta 60 urtetik gorakoen artean Lourdes Mariezkurrena izan da azkarren. Handbike lasterketan, berriz, Ane Asensiok eta Ruth Alvarezek parte hartu dute.

Sailkapen osoa eta parte hartzaile guztien denborak kontsulta daitezke sarean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.