Nafarroako Probintzia Auzitegiko 2. atalak 21 hilabeteko kartzela zigorra jarri dio 52 urteko gizon bati, bi deliturengatik. Batetik, 14 urteko neska bati ukituak egiteagatik 18 hilabeteko kartzela zigorra jarri dio. Beste hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio nerabe horri berari eta 12 urteko mutil bati jazartzeagatik. 2022ko udan izan ziren gertaerak, Iruñeko igerileku gune batean.
Auzitegiak erabaki du zigortutakoak ez duela espetxean sartu beharko, hiru urtean ez badu berriro deliturik egiten, eta sexu heziketa programa batean parte hartzen badu. Beraz, zaintzapeko askatasunean egongo da, eta bi biktimekiko 300 metroko urruntze agindua izango du: 14 urteko neskari dagokionez, bost urteko agindua, eta urtebetekoa, 12 urteko mutilari dagokionez. Kalte moralak direla eta, ordainak ere ezarri ditu auzitegiak: 2.500 eurokoa neskarentzat, eta 500 eurokoa mutilarentzat.
Epaiak jasotzen duenez, 2022ko uztailean, gizona bere semearekin batera joan zen Iruñeko udal igerileku batzuetara. Biktimak ere han zeuden, eta arratsalde osoan «jarrera gogaikarria eta etengabea» erakutsi zuen haiekin. Segika aritu zitzaien, eta harekin batera uretan sartzeko gonbita egin zien. Ekinaren ekinez, eta uretan txiribueltak egiten erakutsiko ziola esanda, lortu zuen 14 urteko neska sartzea. «Neskaren borondatearen kontra, eta modu lizunean, gerria, izterrak, ipurdia eta bularrak ukitu zizkion», zehazten du epaiak.
Akusatuak karguak onartu ditu, eta zigorrak ezarri dizkiote: jazarpenarengatik hiru hilabeteko kartzela zigorra, eta sexu abusuarengatik hamazortzi hilabetekoa.

